FEB. 09 2015 Hawaiitik Australiara: Pipelineko txapelketak amaituta lehiakideak Australiara doaz Hawaiiko txapelketen sasoia amaitu da. Volcom Pipe Pro txapelketa John John Florencek irabazi du eta urte sasoiari hasiera eman dio. Orain, Australiara bidean dira lehiakideak datozen egunetan izango diren munduko txapelketetan parte hartzeko. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Mundu mailako txapelketak pixkanaka martxa hartzen hasi dira eta lehiakideak urte sasoiari indarrez eusteko prestatzen hasiak dira jada. Lehiakide bakoitzak ahalik eta emaitza hoberenekin hasi nahi izaten du urte berria, baina gainontzeko lehiakideak nola dauden ere jakin nahi izaten du, eta horretarako txapelketa esanguratsuenak lehenengoak izaten dira. Urteko lehen txapelketa garrantzitsua pasa den astean amaitu zen Pipelinen, eta irabazlea, aurten munduko titulua eskuratzeko aukera asko duen surflari bat izan zen, 2015. urterako faboritoetako bat, John John Florence. Bestalde, tartean, Burleight Heads eskuin olatuan sasoi honetan egiten den 1.000 puntuko QS txapelketa ere pasa den astean amaitu zen Australian. Irabazleak Dimity Stoyle eta Mitch Crews izan ziren, biak australiarrak. Aste honetan ostera, Australian dira mundu mailan lehian ari diren surflari asko, QS mailako, zein Junior mailako neska-mutilak, Manlyko hondartzan bildu dira 6.000 puntuko txapela eskuratzeko asmoz. Laugarren aldiz irabazi du John John Florence hawaiiarrak Volcom Pipe Pro txapelketa ospetsua. Mason Ho, Kelly Slater eta Sebastian Zietz garaitu zituen etxe parean duen urautsi famatuan, alegia, Pipelinen. Sekulako olatuak izan ziren txapelketak iraun zuen artean, eta baita finalean ere. Haizeak lurretik jotzen zuen (off shore), eta horri esker, baldintza ezin hobeak ziren tuboak egiteko, bai alde batera (Pipelineko ezkerra), zein bestera (Backdoor-eko eskuina). Hiru metroko olatu borobiletan 9'2 eta 8'43 puntuko bi olatu egin zituen Florence gazteak (22 urte). Bi tubo luze egin zituen Florencek, eta une batean tubo batetik atera ostean ia osorik burutzea lortu zuen aireko ikaragarri bat ere egin zuen. Beste behin ere, sekulako ikuskizuna eskaini zuen Florencek, izan ere, urautsitik metro gutxira bizi da hawaiiarra eta ezin hobeto ezagutzen du Pipelineko olatua. Honela deskribatu zuen Florencek izandako esperientzia: «Gaur goizean zinez dibertigarria zegoen itsasoa, haize gutxi zen eta tubo luzeak zeuden. Gero haizea jaso da eta ur azala kizkurtu da. Horrela zail zen surf egiten, baina hala ere gozatu dugu. Trukua olatu ona etortzean leku egokian izatea zen, eta nik lortu dut». Bigarren postua eskuratu zuen lehiakidea ere bertako da, Mason Ho, 1982. urtean Pipeline Masters txapelketa irabazi zuen Michel Ho surflari mitikoaren semea. Mason ere bikain aritu zen, 8'6 eta 7'3 puntukoak izan ziren bi olatu onenak, baina ez zuen lortu Florence garaitzeko behar zuen puntuazioa. Finalean izan zen baita ere Kelly Slater, hamaika bider munduko txapelduna, baina ez zuen behar bezalako olaturik hartzea lortu, aukeraketan huts egin zuen. Hala ere, bestelako sari bat irabazi zuen Floridakoak, Todd Chesser Hard Charger Sportsmanship Award izeneko saria, alegia. Chesser, 1997. urteko otsailaren 13an hil zen Oahu irlan surf egiten. «In Gods Hands» filma egiteko olatu handietako irudiak hartzen ari zirela galdu zuen bizia olatu handi batek azpian harrapatu ostean. Slaterrek hunkituta eskertu zuen Chesser saria: «Todd nire lagunik hoberenetako bat izan zen. Bere heriotzak guztiok kolpatu gintuen. Guretzat Todd etsenplu bat zen, sasoi onean zegoen eta olatu handietan bide bat ireki zigun». Slaterren esanetan, «oraindik gure artean dago Todd, izan ere, ez da aste bat pasatzen bera aipatzen ez duguna. Hemezortzi urte pasatu dira, eta oraindik gure arteko elkarrizketetan behin eta berriz agertzen da». Pipelineko urautsian izaten diren txapelketa gehienetan izaten dira istripuak. Kasu gehienetan hondoan den uharria jo ostean izaten dira zauri larrienak eta aurtengo Volcom Pipe Pro txapelketan ere izan da zauritu den surflaririk. Parte hartzaile gazteenetako bat izan zen erorketa arriskutsuena izan zuen lehiakidea. Leonardo Fioravanti, 18 urteko italiarrak, Sunseteko munduko Junior txapelketan parte hartu ostean, Pipelinen ere parte hartu zuen eta lehia bizian ari zela, ezker olatu handi eta borobil bat jaisten ari zela erori eta bizkarrarekin hondoa jo zuen. Arrezifeko koralaren kontra jasotako kolpearen ondorioz bi orno hautsi zituen eta baita bizkarreko lotailuak ere. Fioravanti gaztea sorosleek atera zuten uretatik eta Wahiawa ospitalera eman zuten. Medikuek kortse bat jarri zioten, eta antza, ezin izango du surf egin datorren hiru hilabeteetan. Hawaiin negua amaitzear dela Australian uda da eta itsaski ederren sasoia da. Azken hilabeteetan Hawaiin izan diren surflari eta lehiakide askok Australia aldera joko du, beraz, datozen egunetan. Aste honetan bertan Sidney ondoan dagoen Manlyko hondartzan izango dira munduko lehiakide hoberenak. Horren ostean, Burton Automotive Pro txapelketa hasiko Merewether hondartzan, Newscastle eskualdean. Otsailaren azken egunarekin berriz, lehen mailako urteko lehen txapelketa hasiko da Gold Coasten. Bi astetan munduko 34 lehiakide hoberenak Australiako eskuin olatu hoberenean lehian izango dira.