M. I. DONOSTIA
Interview
IRUNE LARREA
IÑAKI IMAZEN NESKA-LAGUNA

«Beldurra barruraino sartua du, baina bisitarekin animatu da pixka bat»

Igeldoko Irunek igogailuan jaso du GARAren deia, bisitatik bueltan, 2 eta 4 urteko bere haurren ondoan. Estremerara eraman du kotxez senide batek, bost bat orduko bidaian. Berez ez zitzaion joatea tokatzen, baina Iñaki Imaz bikote-lagunak eskatu zion, preso sozial baten jipoia jaso ondotik.

Bi umeak beti berarekin daude eta beste batekin lotan uztea zaila izan da. Bestalde, bidean trafiko gutxi egon da, baina izotz handia.

Nola aurkitu duzu Iñaki?

Ezkerreko begia ubelduta eta ezpaina erditik zatitua sudur azpian, handituta eta josita. Kolore horixka zuen aurpegian eta gorputzean mina, baina min handiagoa zuen barruan, ukituta zegoen pasatutako beldurragatik.

Zer pasatu zitzaion?

Isolamenduan dago Iñaki eta berarekin dagoen Garikoitz Azpiazuk Madrilen epaiketa zuela-eta, bakarrik atera zuten isolamenduko patio txiki-txikira arazo psikologiko handiak dituen preso sozial batekin. Preso hau beste ume bat hiltzen saiatu zen 6 urterekin. Oso konfliktiboa da eta eskaria egin zuten aldentzeko, arriskutsua zelako. Nahita jarri dute hor, ez da kasualitatea izan, hori gertatzen utzi dute. Hori da salatu behar dena.

Patiora ateratzean, Iñaki itotzen saiatu zen zuzenean eta honek hil egingo zuela uste izan zuen, hori errepikatzen zidan denbora osoan. Hortik denbora batera funtzionarioak sartu ziren pastillak ematera eta orduan aurkitu zuten Iñaki egoera horretan. Onartu zuten oso jende gutxi zeudela lanean eta ez zegoela inor begira. Kartzelako medikua etorri zen eta zera esan zuen: «A este chaval un par de grapas y listo». Baina odola bota eta bota segitzen zuenez, erietxera eraman zuten. Gorputzean indefentsio egoera hori dauka, beldurra barruraino sartua, baina bisitarekin animatu zen pixka bat eta emango dio buelta.

2 eta 4 urteko umeekin joango gara bi aste barru, eta eurek hala ikusteko kezka zuen. «Ez da zuk egin duzun ezer, animikoki ongi ikusiz gero, jolastu eta ongi bazaude nahiko», esaten nion. Familia laguntzeko dagoela ikusi du eta umeak ikustean bizipoz pixka bat jasoko du horren sentimendu gutxiko tokian.

Zer egin dute eraso zion preso sozialarekin?

Beste galeria batera eraman dute zigortuta. Lehen ere eduki zuten beste lagun bat arazoekin, jenderik konfliktiboena jartzen dute Iñakirekin, badirudi kartzelan agindu hori dutela, ez dutela nahiko isolamenduarekin. Inolako kondenarik gabe, nahiko egoera zorrotzean dago.

Noiz gertatu zen erasoa?

Asteazken goizean izan zen, baina ostegunera arte ezin izan zidan abisatu. Kartzelara deitu nuenean bisita aldatzeko eta informazioa galdetzeko, hala erantzun zidaten: «Bueno, señora, si su marido ha recibido palizas, mejor que él no le va a contar nadie». Eta moztu egin zidaten.