FEB. 14 2015 Aizkora Oñatin erabakiko da aurreneko finalerdia J.L. Urrezko Aizkorako lehen finalerdia jokatuko da bihar eguerdian, Oñatiko plazan, 12.00etan. Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza Felix Etxeberriaren eta Mikel Larrañagaren aurka arituko dira. Joxemari Olasagasti zen aritzekoa Etxeberriarekin, baina Igeldokoa min hartuta dago, eta bere ordez arituko da azpeitiarra. Saioa oso polita agertzen da, hiru aizkolari gazte izango baitira aurrez aurre. Etxeberria da beterano bakarra, eta besteak aizkolaritza loratu duten gazteak dira, eta ikusmina piztu du, nahiz eta Olasagasti ikusteko gogoa ere bazuten zaleek. Atutxa eta Mugertza dira txapela lortzeko faborito nagusiak, eta ondorioz baita martxoaren 8an Azpeitian jokatuko den finalean izateko faborito nagusiak ere. Zaleen nahia finalerdia iraupen proban erabakitzea da, alegia, azken proban, baina azkenaldian zutik jarritako enborrek min handi samarra egiten dute, eta hor bideratu izan dira saioak. Trebeak Hala ere, lanean arituko diren aizkolariak nahiko trebeak dira zutik jarritako enborrekin, eta badirudi ez dela horrenbesteko alderik aterako. Bestetik, ordea, ikusi beharko da Larrañaga eta Etxeberria nola moldatuko diren, ez baitira orain arte batera aritu, eta horrek ere agian zerbait baldintza dezake finalerdia. Eguraldi txarra bada, norgehiagoka kiroldegira eramango dute.