«Txarangak aldatu egin dira urteekin; lehen inprobisatuagoa zen guztia»
Bikain doakio Joaquin Ortega «Canario»-ri (Hernani, 1950) orain lau hamarkada baino gehiago sortu zuen txarangaren izena. Izan ere, nekaezina da hernaniarra, Incansables txaranga bezala. Euskal Herriko ia txoko guztiak jarri dituzte dantzan, udan batez ere; inauteriek irauten duten sei egunetan Tolosan, Getarian, Hernanin, Azpeitian eta Donostian izango dira. Tolosako Kabi Alaiarekin harreman estua du txaranga honek.
Festarako prest?
Asteroko entseguekin jarraitzen dugu; azken finean, inauterietako errepertorioa nahiko estandarra da eta normalean ez dago arazorik. Horrelakoetan lo gutxi egiten da, baina gehien arduratzen nauena eguraldia da. Azken bi urteak euripean egin ditugu. Hondamendia; txanoa eta txamarra jantzi, eta aurrera.
Ezer berezirik prestatu duzue 45. urteurrenerako?
Ez, oraingoz ez. Lehenbiziko denboraldia 1971. urtean egin genuen. Berez, 1970ean elkartu ginen lehenbizikoz, Hernaniko auzo batean; garai horretan txarangek ez zuten uniforme edo izenik, musikari ezberdinak elkartzen ziren. Urte horretan, bost ezagun (Txomin Castro Sietemesino, J.M. Zalakain Pipas, J.F. Esnaola Paotxa eta Felipe Sagarna Zapa) bi egunetan elkartu ginen eta jendeari gustatu zitzaion. Talde bezala aritzea erabaki genuen; artean, 18 urte nituen nik. Egia esan, gisa horretako lehenbiziko txaranga izan ginen.
Nondik dator Incansables?
Ez genuen guk jarri. 1971ko udan, Leitzan jotzen geundela, bertako bikote batekin egon ginen denbora batez; zein izen genuen galdetu zigun, ez genuela esan, eta Incansables proposatu zigun. Denbora batera, egutegia ixten ari ginela, izen bat behar genuela konturatu ginen, eta hori hartu genuen.
Esan bezala, aitzindariak zarete. Zer sentitzen duzu zure edo zuen piezak hor zehar entzutean?
«Zuei esker hasi gara» esan digun hamaika lagun hurbildu zaizkigu. Agiri kontuekin hasi ginenean, abestiak idazten hasi nintzen, eta beste txarangetako kideek eskatu egiten zizkiguten fotokopiatzeko eta. Zintzoki, errepertorioaren %90 nirea da. Hortik jotzen den ia guztiak gure konponketak ditu, eta hortik 30 bat ale nireak izango dira. Denetarik egin dut; iaz diskoa grabatu genuen, 16 abestirekin, eta horko asko ere nirea da. Diskoa omenaldi bat ere izan zen, txarangako lagunentzat. Bere garaian danborra jotzen zuen lagun bat atentatuan hil zuten; hernaniar bakarrak ginen txarangan eta horregatik da beretzako abesti bat. Beste abesti bat Txomin Castro Sietemesinori eskainia dago; orain bi urte hil zen, eta habanerak gustuko zituenez, bada beretzako atera genuen bat.
Zenbat lagun zaudete Incansablesen?
Normalean bederatzi izaten gara; alta, jai potenteetara joaten garenean beste lagun bat etorri ohi da helikoiarekin. Gazteenek 20-30 urte artean dituzte, eta bik urte mordoa daramatzagu. Hasierako lagunen artean, ni baino zaharragoak baziren; urteek aurrera egitean, gaitza egiten zitzaien kalean ibili eta lanera joatea. Sartzen diren gazteak, berriz, ikasleak izan ohi dira. Guztira, 45 lagun inguru igaro dira Incansablesetik.
Nondik dator Kabi Alairekin duzuen harremana?
1978tik gaude beraiekin, harreman estua dugu, beraz. Inauterietan ia egunero gaude beraiekin. Pentsa, larunbatean, guk ezingo dugu, baina Incansablesetik igaro diren beste lagun batzuk irtengo dira txarangan beraiekin.
Inauteriak aldatu dira urteotan?
Bai, festa guztiak bezala. Lehen egunez irteten zen; orain, berriz, berandu irteten dira gazteak. Txarangarekin dantza egiten dutenak nagusiagoak dira orain. Lehen herri osoa etortzen zen. Hala ere, harrera oso ona izan ohi dugu Tolosako inauterietan eta Hernaniko sanjoanetan, adibidez. Txarangak ere aldatu dira urteekin; lehen inprobisatuagoa zen guztia.
Karrozen bolumenarekin ere borrokatzen gara. Tolosan, adibidez, karrozen ordutegi bat dute; beraz, ordu horietan ez gara beraien ibilbidean sartzen. Beste kontu bat, orduz kanpo izan ohi da, orduan karrozak bolumen handiarekin pasa ohi dira eta. Jakinaren gainean nago batzarretan horri buruz hitz egin dela, ea aurten zer gertatzen den.
Luzaroan jarraitzeko asmorik?
Ez dakit. Momentuz ez dut minik, baina nork daki. Zerbitzu militarrean egiten nuen bezala, igarotako hilabete bakoitzagatik marra bat egin ohi dut horman; honekin berdin. Gure egutegiaren erritmoarekin ez da erraza.