FEB. 16 2015 sokatira Ñapurrak taldeak indartsu jarraitzen du J.L. Ñapurrak taldeak 600 kiloko txapela irabazteko bere hautagaitza aurkeztu zuen lehen jardunaldian, onena izan baitzen, eta oso talde sendoa duela ere agerian utzi zuen Ezpeletakoak. Oraindik txapelketa hasi besterik ez da egin; beste bi jardunaldi geratzen dira eta irabazi beharrekoa azkenekoa izango da, hori izango baita finala, baina hasiera batean oso itxura ona emanez ekion diote lapurtarrek. Bere atzetik sailkatu zen Ibarra, eta gipuzkoarrak izan daitezke grisei aurre egin diezaioketen bakarrak. Oraingoan Ibarrak ezin izan zion Ñapurrak-i irabazi, nahiz eta tiralari bakarren bat edo beste falta zuen. Hortik atzera, Murueta, Beti Gazte, Sokarrola, Abadiño eta Berriozar sailkatu ziren. Abadiño horren atzean ikustea ezustekoa izan zen, baina bizkaitarrek oso talde gaztea aurkeztu zuten, eta eskarmentu falta hori nabaritu egin zuten berdeek.