FEB. 23 2015 ITSASOA Aitormenik ez Egunkari honek egin duen ekarpena kontuan hartzeko da, baina surflariek zein euskaltzaleek, irakurketa (politiko) bera egiten dute: «GARA politikoa, da; beraz, zenbat eta urrunago hobe». Surflari Ernegatua Azken urteetan argitaratu ditudan lanek, bi ardatz nagusi izan dituzte. Surfa eta euskara. Bi eremu horietan etxe honekin batera egin ahal izan dugun ekarpena, aintzat hartzekoa izan dela esango nuke. Hala ere, eremu bateko zein besteko komunitateek, ahopeka egindako lana aitortzen badigute ere, orokorrean ez ikusiarena egiten saiatzen dira. Surflariek, marka eta babesle ezagunekin bat egin ez dugulako; eta euskaltzaleek, haien hedabideak erabili ez ditugulako, muzin egin izan digute. Baina, egindako lana hor dago, nahi duenarentzat. Bada gauzak politikarekin nahasi behar ez diren uste ustel bat. Politika nahieran ulertzen baita. Eta zentzu horretan, egunkari honen kontra indarrean dagoen kriminalizatze kanpainak sekulako eragina izan du; izan ere, beste edozein egunkarirekin zerbait argitaratuz gero ontzat ematen da, baina GARAk argitaratua bada, mesfidantzaz hartzen da, «politikoa da». Surf munduan dauden interes anitzak eta eskaskeria kontuan hartuta, ez nau batere harritzen etxe honekin ateratzen ditugun lanen kontrako jarrerak. Baina bada jasan ezin dudan beste kontu bat. Surf munduko tontakeria guztiak gainditzen dituena. Euskaltzaleen mundu doilor horretaz ari naiz. Surflarien artean bezala, euskaltzale zintzoen artean ere oso hedatua dago politikak euskararekin lotzeak kalte egiten dion ustea, eta horrela, gure hizkuntza eder hau kutsu politikoa izan dezakeen edozertaz aldentzen saiatzen dira, eta surf markek bezala, GARA egunkariari buruzko irakurketa (politiko) bera egiten dute, «GARA politikoa da, beraz, zenbat eta urrunago hobe». Egunkari honek gazteleraz egiten du bai, baina baita euskaraz ere, eta lan bikainak aurkeztu izan ditu, euskaltzaleen munduan inoiz errekonozimendurik jaso ez dutenak, eta jasoko ez dutenak. Ziur naiz, euskaltzale zintzoen klubeko argitaletxe edo dena delako baten babesa izan bagenu, gure lanek bestelako babes bat izango zuketela. Adibidez, azken urteetan egindako surfaren hiztegia, konplexurik gabe, denentzat erabilgarri izango zatekeela, eta abar. Baina ez nago prest inora ez daraman muturreko euskaltzaletasun puru horrekin bat egiteko. Besteak beste, euskaraz baino, euskararen kontura bizi nahi duen jende asko dagoelako. Gehiegi. Hemen, kontua oso argia da. Gurea herri txiki bat da, bere hizkuntza ondare goren duena, eta desagertu egingo da. Hori ez gertatzeko modu bakarra independentzia lortzea da, eta burujabe izanda ere, ez da ziurra egungo mundu honetan herri gisa bizirauteko gai izango garenik. Beraz, gustatu ala ez, afera politikoa da. Hizkuntza, osagai politikoa da, eta ezin da testuinguruaz bereizi. Euskara, loturarik gabeko gauza isolatu bezala erabili nahi duzuenok, animo, lasai lo egingo duzue, puruenak izango zarete, ehuneko ehun euskaldunak, baina ikuspegi abertzale batetik, aurrez aipatu dudan irakurketa ekidin nahian, egiten duzuen mina, herri hau desagertzea xede dutenek egiten dutenaren parekoa da. Ez baita zatiketa baino gauza mingarriagorik. Edo herri bezala jokatzen dugu, edo gureak egin du. Esaterako, gainontzeko eremuetan bezala, surfean ere, Euskal Herriko hiztegi bat behar dugu. Bakarra, eta berbera, Euskal Herri osorako. Ahaztu nork egin duen edo nork argitaratu duen. Ni prest nago edozeinekin eremu honetan lan egiteko, baita musu truk ere. Bost axola zait gero zuetako nor sarituko duten edo zein etxerekin argitaratu behar den egindako lana. Baina, guztion artean adostu beharreko gauzak dira. Bakoitza bere aldetik doan heinean, ez goaz norabide berean. Horrela, irabazi pertsonalak izango dituzue, bai, baina Euskal Herriak galtzen du. Bitartean, nik euskarari egin diezaiokedan ekarpen xume oro etxe honekin argitaratzen jarraituko dut. Herri honen biziraupena bermatzeko luzerako estrategia orokor baten baitan kokatzen den egunkari bakarra dela uste baitut.