GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Halaxe gaude emakumeok


Ez zen izan joandakoa emakumeontzako berri onen astea. Zaharrak (eta txarrak) berri direlako, batez ere; baita ez dagoelako ere batere argi inoiz on edo berri-berri izatera iritsiko diren. Lehenik eta behin, berretsi dugu gizonen eta emakumeon arteko soldata-arrailak tinko eusten diela bidegabekeria ulertezinen lehenengo postuei. Euskal Herrian, %25,83koa da: hau da, emakumeak 79 egun gehiago lan egin beharko luke gizonezkoaren soldatara iristeko, behar berbera eginda. Halaxe gaude gure lan-merkatuan: izorratuta.

Bigarrenik, hainbat kazeta egunero-egunero irakurtzen dugunok ondotxo dakigun bezala, emakumezkoen kirolak ez du lekurik prentsan. Ehunekoetan, irrigarria eta penagarria da haien presentzia kirol-albisteetan: %4,96 baino ez. Are penagarriagoa albisteen protagonistei emandako tratua elkarrizketetan-eta, kontziliazioa eta «emakumeon gaiak» hizpide. Kirolzalea izan ez arren, ehunka, milaka, gizonezko kirolariren izen-deiturak aipa nitzake; emakumezkoenak, aldiz, gutxi batzuk, oso gutxi. Ez ditut inon ikusten, ez ditut sumatzen. Halaxe gaude kirolaren esparruan: ez gaude.

Hirugarrenik, Alderdi Popularrak gauzatu egin du bere iragarpena: lege-proposamena erregistratu du Espainiako Kongresuan 16 eta 17 urteko neskek gurasoen baimena behar izateko haurdunaldia eteteko. Presaka egin dute, martxoan onartzeko asmoz; hauteskundeak ipurdiak erretzen hasi zaizkienez, ez dago astia galtzerik. Gutxieneko bat (berebiziko garrantzizkoa, baina, euren jarraipenerako) ahalik eta bareen izateko egiten dute, egungo lege osoa pikutara botatzea lortu ez zutenez gero (Gallardonen aro surrealistan). Eurei bost nerabeen atakak, desesperazioak eragin litzakeen ondorio arriskutsuak; eurentzat ez du etorkizun onik neska gazteei beren erabakien gaineko burujabetza aitortzeak, eta horretan babestuta sentiarazteak, etorkizuneko emakumeak halaxe ohituta egongo diren beldurrez-edo. Eurek uste dute, gurasoei baimena eskatzeko betebeharra ezarri ezean, bat-batean milaka nerabe haurdunek joko dutela abortatzera, edo inolako ardurarik gabe praktikatuko dutela sexua, inozoak eta buruarinak balira bezala. Ez omen dakite gehienek, halako kinkan, gurasoen babesa bilatuko dutela, baina batzuek ez dutela halakorik etxean, amesgaizto hutsa baizik. Hain zuzen, guraso edozein izan daitekeelako mundu honetan, baita maitasunaz tutik ere ez dakiena ere. Bidezkoa eta egokia dena aldatu nahi du Alderdi Popularrak (Dale, Perico, al torno besterik ezin dut pentsatu), jendartearen gehiengoaren iritzia zapalduta, eta EAJk, antza, pentsatu egin behar du hori babestu ala ez. Zer dago hausnartu beharra egoera jakin batzuk bizi dituzten neskatilak babesteko orduan? Zergatik beti halako epeltasuna, irmotasun eza, emakumeon eskubideak oso-osorik bermatzeko unean? Halaxe gaude eskubideei dagokienez: hankamotz.

Horiexek gaurkotasunezko hiru erakusgarri, oso esparru desberdinetakoak, emakumeok jendartean dugun tokiarena. Edo denoi -sustatzeagatik, onartzeagatik edo muzin egiteagatik- lotsa eragin beharko ligukeenarena.