FEB. 28 2015 Idi-probak Euskal Herriko hiru uztarririk onenak Elgoibarren neurtuko dira J.L. Euskal Herriko idi-proben finala jokatuko da gaur gauean, 22.00etan, Elgoibarko probaleku berrian. Bertan BBK sariketan aritu ziren hiru uztarririk onenak neurtuko dira. Aipaturiko BBK sariketan urtean zehar Euskal Herriko probalekuetan egiten diren idi-probetako sei idi parerik onenak lehiatzen dira eta, ondorioz, hango hiru onenak Euskal Herriko finalean. Iñaki Olidenen, Txomin Renteriaren eta Javier Madariagaren uztarriak arituko dira nor baino nor. Bakoitzak ordu erdia izango du lanean aritzeko eta tarte horretan plazarik gehien egiten dituenak eramango du txapela. Ikusmin handia piztu du final honek eta Elgoibarko probalekuko harmailek itxura paregabea izatea espero da. Garaia ere oso ona da, eta idi-proba zale asko izango da saioa bertatik bertara ikusteko asmoz. Bi bizkaitar eta gipuzkoar bat izango dira aurrez aurre eta, askoren ustez, gipuzkoarra izango da gainera faboritoa, Oliden, alegia. Dena dela, hiru uztarriak ere goi mailakoak dira, eta denek ere marka oso onak egingo dituzte. Bakoitzak berea egiteko modua baldin badu, seguru asko ere ikuskizun aparta ikusteko modua izango da.