Azpeitiko final nagusiak erabakita geratuko dira
Bigarren Mailako finalerdiak jokatuko dira gaur, Bilbon, eta bihar eguerdian Beizaman.
Datorren igandean jokatuko dira Urrezko Aizkorako Lehen eta Bigarren Mailako finalak, eta aste honetan jokatuko dira Bigarren Mailako bi finalerdiak. Gaur Bilbon izango da aurrenekoa, eta bihar eguerdian, berriz, Beizaman jokatuko da.
Gaur eguerdian, 13.00etan, Bilbon, Doña Casilda parkean jokatuko da aurreneko norgehiagoka. Hiru bikote izango dira aurrez aurre: Iker eta Daniel Vicente, Aitor Senosiain eta Iban Resano eta Jokin Alkizalte eta Julen Alberdi.
Daniel eta Iker Vicente dira faboritoak, eta zale gehienen ustez, beraiek izango dira datorren asteko final handian. Horiek, ordea, aurreikuspenak dira eta horiek betetzen diren Bilbon ikusi beharko da. Hala ere, aita-semeak bikain moldatzen dira, biak daude sasoi betean. Azkenaldian, gainera, zutikako enborrek min handia egiten dute eta lantegi horretan ere oso ongi moldatzen dira; oso trebeak dira Otsagabikoak.
Lan ezberdinak egin beharko dituzte eta ondoren denetako denborak batu. Onena egiten duenak lortuko du garaipena eta ondorioz datorren astean Azpeitian jokatuko den finalerako txartela ere eramango du.
Bigarren finalerdia bihar eguerdian jokatuko da Beizamako Ilaunpe pilotalekuan, 12.30ean hasita. Han beste hiru bikote arituko dira nor baino nor, eta hor ere onenak eskuratuko du finalerako txartela. Eneko Otaño eta Eneko Saralegi, Aratz Mugertza eta Julen Larrea, eta Juanillo Irazabal eta Aritz Irazabal arituko dira aurrez aurre.
Hiru bikote hauek gaur Bilbon egin beharko duten lan bera egin beharko dute, eta denetako denborak batu. Onena duenak eramango du Azpeitian aritzeko txartela. Hemen faboritoak Eneko biak izango dira, Saralegi eta Otaño. Azken hau, gainera bere herrian arituko da lanean eta ez du hutsik egin nahi izango. Edonola ere, beste bikoteak ere oso kontuan hartu beharrekoak dira. Bikote bakoitzean bada zutikako enborrak mozten ongi moldatzen den bat, eta, hortaz, zaila izango da iraupen probara arte ezer erabakitzea. Hori da zaleek nahi dutena ere, azkeneko proba jokatu aurretik ezer ez erabakitzea, emozioa nahi baitute denek.
Gaurkoaren ondoren Azpeitiko finala prest geratuko da; izan ere, pasa den astetik Lehen Mailako finala ezaguna da. Jon Rekondo eta Ander Erasun Aitzol Atuxaren eta Ugaitz Mugertzaren aurka neurtuko dira. Beste finala ere bihar eguerdian geratuko da erabakita, baina itxura guztien arabera, badirudi nafarrak izan daitezkeela gehien. Oraingoz bik seguru dute txartela, eta aurreikuspenetan ere nafarrak dira gehien.