MAR. 01 2015 Uholdeak Xanti Begiristain Madotz Auritz Nafarroa Azken egunotan, Euskal Herriko hainbat lekutan, berriz ere izaten ari gara uholdeen arazoak, beharbada handienak Gipuzkoan eta Nafarroan, baina beste toki batzuetan ere ez dira libratu erabat. Kontu bat da uholde horiei nola egiten zaien aurre gertatzen diren momentu berean, hau da, triskantzak pasatzen ari direnean eta geroxeago: hondatutako gauzak konpondu, kalteak gainditu eta ordainak jaso, eta abar. Eta beste kontu oso ezberdin bat da geuron buruari galdetzea ea zergatik gertatzen ote diren halako uholdeak, ea guztiz normala ote den honelako uholdeak gertatzea hain sarritan, Euskal Herrian eta beste hainbat lekutan. Nik uste dut erantzuna gero eta nabarmenagoa dela, are gehiago, esanen nuke agintari gehienek gero eta argiago dutela, edo behintzat eduki beharko luketela, orain arte gauzak ez direla oso ongi egin. Nahi izanez gero, garbiago azalduko dut azken ideia hau; alegia, pentsatzen dut gizarte osoak onartu behar duela -eta batez ere agintariek-, orain arte gizakiak ez duela oso ongi jokatu ibai eta itsasoekin. Eta zertan ez dugu jokatu, bada, ongi naturarekin? Nire ustez, gehiegi inbaditu ditugu ibaien arroak eta itsasoetako ertzak; hau da, alde batetik, hurbilegi eraiki ditugu hiriak, herriak, auzoak, industrialdeak, eta abar, eta bestetik, gure lurrazal zati asko estali egin ditugu material iragazgaitzekin, konparaziora, asfalto, porlan, hormigoi, galipotarekin, eta bat eta beste. Gerora, euria erruz botatzen duenean, lurrazalak ez du ahalmenik ur hori guztia irensteko, pertsonok kendu diogulako ahalmen hori, neurri handi batean behinik behin, eta orduan iristen zaizkigu arazoak eta oztopoak. Baina, buruhauste horiek oraindik gehiago handitzen dira, ibaiak zikinak baldin baditugu eta behar duten leku guztia ematen ez badiegu. Eta, gainera, eurite horiek batzuetan bat egiten dute itsasgorekin eta urtegien hustearekin; orduan arazoak bikoiztu egiten dira. Bestalde, luzarora begira, klima aldaketarekin eta ozeanoen maila igotzearekin ere ezin dugu itxaron kontu hau bere kabuz gero konpondu eta gutxiagora joanen dela; ez, baizik eta alderantziz. Puntu honetaraino iritsita, nik uste dut, kontua ez dela errudunak bilatu eta aurkitzea besterik gabe, baizik eta, batez ere, aurrera begira, ongi pentsatu eta hausnartu egin beharko da, akats berberak ez errepikatzeko eta orain arte egindako hanka sartzeei, nola edo hala, soluzioak emateko. Hortaz, hemendik aurrera, iruditzen zait eraiki egin beharko dela, kasu handiagoa eginez hidrologo, meteorologo eta zientzialariei, oro har; hau da, gizarte osoaren onurari begira gehiago, eta gutxiago interes partikular batzuei.