Bi mailetako txapelak erabakiko dira Azpeitian
Bihar eguerdian jokatuko dira bi norgehiagokak Izarraitz pilotalekuan.
Binakako Urrezko Aizkora iritsi da azkeneko egunera, eta finalak bihar jokatuko dira Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 12.00etan hasita. Bertan arituko dira Lehen eta Bigarren mailetako lau bikoteak.
Maila nagusian egungo txapeldunak, Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza, izango dira txapela lortzeko faboritoak. Aurrean Ander Erasun eta Jon Rekondo izango dituzte. Azken hauek galtzeko gutxirekin eta irabazteko askorekin plazaratuko dira, gehienek galtzaile jotzen baitituzte, eta horrek nolabaiteko presioa ere kenduko die.
Faborito ez izateak ez du esan nahi irabazteko aukerarik ez dutenik, lan handia eginda eta itxura paregabea emanez heldu baitira azkeneko saio honetara. Gainera, hemen zutikako enborrekin ere oso ongi moldatzen dira bi aizkolari hauek, eta lana emango dute.
Aurten zutikako enborrek lan handia eman dute, eta saio batean baino gehiagotan erabakigarriak ere izan dira. Oraingoan, bi bikotetan dauden aizkolariak trebeak dira lan horietan, eta gauzak gaizki egin ezean, martxa normalean azkeneko lanean, iraupen proban, erabaki beharko lukete.
Bikote bakoitzak sei lan ezberdin egin beharko ditu, eta orain artekoen oso antzekoak izango dira. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu izango da egin beharreko aurreneko lana. Jarraian, tamaina bereko bi enbor izango dituzte erlojuz kontra erdibitzeko. Hirugarrengoan, kana-erdiko bat izango dute aurrean, zutikakoa. Laugarrengoan, abiadura proba izango dute, eta bakoitzak bi kana-erdiko ebaki beharko ditu. Bosgarren saioan zutikako 45 ontzako bat eta etzaniko kana-erdiko bat moztu beharko dituzte, eta azkenik, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko dira.
Bigarren Mailakoa
Leku berean Bigarren Mailako finala ere jokatuko da, eta han izango dira Eneko Otaño eta Eneko Saralegi, alde batetik, eta Daniel eta Iker Vicente, aita-semeak, bestetik.
Txapelketa hasi aurretik finalean zein bi bikote izango ziren galdetu izan balitz ere, seguruenik ere gehienek bi bikote hauen izenak emango zituzten. Eta halaxe gertatu da; biak arituko dira nor baino nor, ez da ezusterik izan. Horietan faboritoez hitz egitean, gauzak paretsuago ikusten dira, ez baita faborito garbirik ikusten.
Hala ere, finaletan eskarmentuak ikaragarri balio izaten du, eta hor dago Daniel Vicente. Berak eraman behar du finalaren pisua eta min handia egin dezake. Bere semea izango da finaleko gazteena. Jadanik maila handia duela ikusita, gerora begira handi horietakoa izan behar du. Beste aldean Eneko Otaño ere bikain dabil; behetik gora indarrean datorren gazte horietakoa da, eta Saralegirentzat ere lan hauek aproposak dira.
Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu izango dute. Ondoren, tamaina bereko enborrarekin erlojuz kontra neurtuko dira. Gero, 45 ontzakoa izango dute zutik jarrita. Jarraian, bi kana-erdiko. Ondoren 45 ontzako bat zutik, eta beste bat etzanda, eta azkenik bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako.
Saralegi familiako hiru kide izango dira finalean
Saralegi familiako hiru kide izango dira biharko Bigarren Mailako finalean; beraz, aurrez aurre izango dira. Batetik, Daniel eta Iker Vicente arituko dira, eta parean izango da Eneko Saralegi, hots, Danielen iloba eta Ikerren lehengusua. Horrelako gauzak plaza baten gertatzea ez da erraza izaten, eta are gutxiago final batean, baina Azpeitian horrelaxe izango da. Gainera, Enekoren entrenatzailea da Daniel. Ondorioz, final horretan ez da ezkutuko ezer egongo, denek ederki ezagutzen dutelako elkar. Familian bihotza erdibituta izango dute, baina aldi berean pozik egoteko egun ahaztezin horietakoa ere izango dute.
J.L.