Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA Hamabi eguneko lana

«Abruits» bidea zabaldu dute Petit Druko eremu «berrian»

Hormatzarraren mendebal aurpegian marra berria zabaldu dute Jose Maria Esquirol «Tato» eta David Palmada «Pelut» katalanek. Kapsula estiloan jardun dute, eta 990 metroko marra berrian honako zailtasun hauek gainditu behar izan dituzte: A5, 6a, M5, 70º, VII.

«Bide berri bat zabaldu dut Josep Maria Esquirol Tato lagunarekin Petit Druko mendebal aurpegian. Niretzat marra ona da, ikaragarria, batez ere duen ibilbideagatik. Arroka berria da, kalitatezkoa, baina berau garbitzen denbora asko igaro dugu. Bide honek errepikapenak izango balitu, uste dut han dauden artesiak perfektuak geratuko liratekeela. Baina ez da hori gertatuko, batez ere duela hamar urte bezala luizia izateko arrisku handia dagoelako».

Lerro horiek David Palmada Pelut kataluniarrak Chamonixetik bidali zizkigun, Petit Drun eginiko sormen lana bukatu bezain laster. Tato kidearekin batera, mendebal aurpegian «Abdruits» bidea (A5, 6a, M5, 70º, VII, 990 m) zabaldu du. Neguan, gainera; izan ere, paretan otsailaren 10ean sartu ziren. Hamabi eguneko lana izan zen (hamalau guztira), eta sokada katalanak kapsula estiloan jardun zuen.

Baina horretaz guztiaz gain, «Abdruits» bideak badu azpimarratzeko berezitasun bat: lerroburuan aipatu dugun eremu «berrian» zabaldu dutela, hots, 2005ean luizi batek hormatzarraren zati handi bat «garbitu» zuen leku berean (2011n ere beste luizi bat izan zen) . Gogora dezagun, gainera, 2005eko luiziak «Bonatti zutoina» bezalako bide mitikoak desegin zituela.

Gai horri buruz, Pelut berak GARAri adierazi dio zabaldu duten marrak eremu «berri» hori diagonalean zeharkatzen duela: «Berez, ukitu gabe zegoen eremu horretan jardun dugu. Zeharkatu egin dugu, hain zuzen ere, `Les Papas' bidearen dorrera iritsi arte. Aipatu dudan marra horren egileak, Martial Dumas eta Jean-Yves Fredriksen, izan ziren eremu horretan bide bat zabaltzen lehenak. 2007an izan zen hori».

Eta, jakina, protagonistak aurreratu digun bezala, eremu «berri» horretan eskalatzeak beste eite bat eman dio eginiko lanari: «Arrokaren kalitatea bikaina da oso, baina, lehen esan dudan bezala, oraindik asko dago garbitzeke. Harlauza eta bloke gehiago erori behar dira. Eta mamu horrek benetako garrantzia izan du gure lanean. Adibidez, azken luzea oso-oso arriskutsua da, ia dena erortzeko zorian zegoelako. Eremu horretan sentsazio oso bereziak izan ditugu: beldurra, emozioa, poztasuna, izua... Otsailaren 17an eskalatu nuen luze gogor hori, bidearen giltza dena. 45 metro luze da eta han bederatzi ordu pasa nituen. A5 zailtasuna du; harri zabala da, paretatik bereizitakoa, pareta ukitzen ez duena eta arreta handiz eskalatu beharrekoa. Gainera, seguruak ere oso txarrak dira... Teknikoki ez da oso zaila, baina, diodan modura, harlauza guztiz askatzeko aukera handiak daude. Zalantzarik gabe, zabaldu dugun marra horretan zailtasun teknikoei baino askoz ere garrantzi gehiago ematen diot arriskuaren auziari. Paretaren beste zati handi bat erortzeko balizko aukerak handiak dira, baina, alabaina, azpimarratu nahi dut luze bikainak baino bikainagoak eskalatu ditugula».

Lau kanpaleku

Sokada katalanak sortu duen marra horren asmoa duela hiru urtekoa da. Pelut berak xede hori aurrera eramateko beste saio bat ere egin zuen. Duela hiru urte, paretaren sarreran Tato kidearekin zela, elur-jausi batek ekinaldia bertan behera utzi zuen.

Baina berriro saiatu nahi zuten, eta urtarrilaren 23rako Chamonixen ziren. Hori bai, hormatzarrean sartzeko itxaronaldia izan zuten, besteak beste, eguraldia oso kaskarra zelako. Lehen urratsak otsailaren 8an egin zituzten; hots, lehen luzeak finkatu zituzten egun horretan. Eta bi egun geroago hamakarekin sartu ziren.

Pelut berak azaldu digunez, guztira lau kanpaleku antolatu zituzten: «Erritmo ona eraman genuen, egunero eskalatzen, batez ere ametsezko artesiak. Eguneko 40 eta 100 metro arteko eskalada egin genuen. Egun batzuetan ondo moldatu ginen eguraldiarekin, eta, beste batzuetan, infernua zirudien. Haatik, egunero eskalatu genuen».

Hotz handia pasa zutela adierazi digu eskalatzaile katalanak, eta horrek eragozpen bat baino gehiago eragin ziela: «Neguak, berez, segurtasun gehiago eskaintzen dizu, besteak beste, arroka trinkoagoa delako. Baina, jakina, eskalatzeko baldintzak askoz gogorragoak dira. Hango eskalatzaileek jakin badakite zer den neguan eskalatzea: eguraldi gaiztoa sartu eta dena zailtzen du. Baina bere xarma dauka. Azken hiru egunak gaizki pasa genituen; jaitsieran ere elur asko egin zigun. Martin Eliasek mezu bat bidali zigun esanez paretatik irteteko, oso eguraldi kaskarra iritsiko zelako. Ia esprint batean eskalatu genuen. Gauez ere eskalatu behar izan genuen. Horrez gain, luze zailenetan katu-oin berezi batzuekin eskalatu genuen, eta hotzarekin komeriak izan genituen; oin bat bederen ukituta izan nuen».

Bide berri bat mendiaren mendebal aurpegian zabaltzearen garrantziaz ere galdetu diogu Pelut berari, eta eskalatzaileak honakoa erantzun digu: «Ez dakit historikoa izan daitekeen ala ez. Nik uste dut beste jarduera bat gehiago izan dela. Pareta horretan marra gehiago zabaltzeko aukera dago. Dru mendia hor dago, nahi duena joan daiteke; pareta begiratu eta une egokia bilatu behar da, eta gogoz ekin. Katalan batzuk hango mendietan bide bat sortu dugu; garrantzia du, baina ez da aparteko zerbait ere. Hangoek zoriondu gaituzte, eta denok pozarren gaude. Aitortu behar dizut ondo pasatzera eta gozatzera abiatu nintzela. Egun intentsoak izan dira. Nire kasuan benetako garrantzia sokakideari ematen diot. Hori bai, eskalatu dugun pareta berezia da oso. Bakarrik geunden, hormatzarrean zintzilik, Chamonixeko argiak han behean ikusten ziren, nahi genuen lekutik eskalatzeko aukera genuen... Sinestezina zen! Horrez gain, aurreratu behar dut askotan luze intentsoenak ez direla zailenak, baina zabaldu dugun marran luze intentsoenetariko bat zailena izan da. Luzearen aurrean zaude eta buruak oso azkar egiten du lan. Bederatzi ordu luze batean igarotzea errealitatetik kanpo egotea bezalakoa da. Gainera, handik Bonatti bezalako eskalatzaile historikoak pasa dira. Eta ez orain dela gutxi, orain dela 50 urte sartzen ziren pareta horretan! Txapela kentzeko modukoa da. Bonatti eta enparauek bizi izan zutena ikaragarria izan zen; horiek meritu izugarria dute».