MAR. 09 2015 Alpinismoa Sasoi ederrean Iker Madoz, Grand Druko ipar korridore hotz eta gogorrean 21 urteko alpinista iruindarrak Grand Druko ipar korridorea eskalatu du beste hiru kiderekin, baina aldaera zuzenetik. Hain zuzen ere, mistoko lau luze eta izotzezko bat dituen aldaera hori zailagoa da. Andoni ARABAOLAZA Iker Madoz neguko denboraldi bikaina egiten ari da. Jakina, alpinismoan. Duela pare bat hilabetetik hona orriotan behin baino gehiagotan azaldu da, eta berriro iruindarrak eginiko jarduera baten berri eman behar dizuegu. Aurreko aktibitateak bezala, hau ere ez da punta-puntakoa, baina azkenaldi honetan behin eta berriro azpimarratzen ari garenez kontuan hartu beharrekoa Madozen adina da: soilik 21 urte ditu. Eta horrekin uste dugu ia dena esanda dagoela. Alpinista gazteak esaten digunez, ikasketek «denbora» edo aukerak ematen dizkiote han eta hemen jarduteko. Huescan ikasten ari denez, Pirinioetan mugitzeko batere arazorik ez du, baina sokakideek Alpeetara joateko gonbiteak ere egiten dizkiote eta hor zaila egiten zaio ezezkoa ematea. Azken jarduerak Gran Drura eraman du; hain zuzen ere, mendi horren ipar korridore zuzenera. Ipar korridorea, berez, hango klasikoena da, baina Madozek eta bere sokakideek aldaera zuzenaren apustua egin zuten. Aldaera horrek, berez, bideari zailtasun gehiago ematen dio; besteak beste, mistoko lau luze eta izotzezko beste tente bat eskalatu behar direlako. Luze ederrak Madozek adierazi digunez, korridoreak izua eragiten du: «Bidearen sarreratik oso-oso bertikal ikusten da. Lehen bi luzeak tenteak dira, baina baita oso politak ere. Luze bat fisikoagoa eta bestea teknikoagoa. Baina guztiak ala guztiak ederrak oso. Erritmo politean eskalatu genuen, eta aseguratzeko orduan norberaren trebetasuna kontuan hartuta». Ipar korridorearen zati hori eskalatu ondoren, Madozek eta bere sokakideek aldaera zuzenari ekin zioten. Alpinista iruindarrak dioenez, luze zailagoak dira, baina, era berean, asko gozatu zuten: «Mistoko lau luzeak eta izotzezko beste tarte tente bat eskalatu genituen. Mistokoetan ere denetarik aurkitu genituen: fisikoak, zailtasunean jarraituak, teknikoak... Horiek guztiak gainditu ondoren, berriro korridore klasikoan sartu ginen. Pixkaka-pixkaka gora egin genuen, eta aitortu behar dut korridorearen goialdeko luzeak izotz onarekin aurkitu genituela. Hori bai, hanketako muskulu bikiak gogortzen hasiak genituen jada...». Bidea eskalatu eta tarte handirik ez zutenez, alpinista gazteak eta bere kideek jaitsierari ekin zioten: «Ipar horma mitikoen hotzarekin `gozatzen' ari ginen, baina, behin bidea eskalatuta, jaitsierari ekin genion. Aitortu behar dut rapelatzeko ondo zegoela; izan ere, abalakov eta bilerak antolatuta zeuden. Arratsaldeko zazpi eta erdietarako dendan geunden; leher eginda baina pozarren eginiko jarduerarengatik. Negua izateko ez zuen hotz handirik egiten; soilik bileretan nabaritu genuen hotza». IKER MADOZ. 21 urteko alpinista iruindarra jarduera asko eta onak egiten ari da negu honetan. Azkenak, Alpeetara eraman du.