GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Rothman, olatu handien munduko txapeldun

Makua Rothman hawaiiarrak irabazi du olatu handien itzuliko titulu mundiala.


Olatu handien munduko itzulian 2014-2015 sasoia amaitu da, eta, iaz bezala, aurtengoan ere bi txapelketa baino ezin izan dituzte egin. Big Wave World Tour zirkuituko txapela, Makua Rothman 30 urteko hawaiiar ezagunak eskuratu du.

Bi txapelketa izan dira BWWT itzuliko azken denboraldian, bata hego hemisferioan, Perun, eta bestea ipar hemisferioan, Euskal Herrian. Lehena, Peruko Pico Alto urautsiko eskuin olatuetan egin zuten 2014ko uztailean, eta Makua Rothmanek irabazi zuen.

Bigarren txapelketa, Getxoko Punta Galean egin zuten iazko abenduan, eta Nic Lamb estatubatuarrak irabazi zuen. Rothmanek, berriz, bigarren postua eskuratu zuen.

Makua Rothman

Gauzak honela, eta txapelketa gehiago egiteko behar bezalako baldintzarik izan ez denez, sasoia amaitu denean ranking orokorrean lehen postuan zen lehiakideak irabazi du BWWT itzuliko titulu mundiala, alegia, Makua Rothmanek.

Pozarren, honela mintzo zen olatu handietako munduko txapeldun berria: «Egia bihurtu den ametsa da. Ez ninduten txapelketa guztietara gonbidatu, baina wildcard gonbidapen bati esker parte hartu ahal izan dut, eta, hemen nago, irabazle tituluarekin».

Izan ere, olatu handietako txapelketetan parte hartzeko bi modu daude. Batetik, aurrez BWWT itzulian parte hartuta lortutako puntuei esker parte har daiteke txapelketa hauetan. Bestetik, wildcard gonbidapen bati esker parte har daiteke.

Lehen aldiz parte hartzeko modu bakarra, beraz, wildcard gonbidapen bat jasotzea da. Horretarako, antolatzaileek irizpide desberdinak erabiltzen dituzte. Batzuetan, surflariek antzeko txapelketetan lortutako emaitzak hartzen dituzte kontuan; beste batzuetan, berriz, txapelketa egiten duten lekuko surflariak gonbidatzen dituzte, eta, beste batzuetan, azkenik, surflariaren esperientzia edo ibilbide pertsonala da kontuan hartzen dena.

Rothmanek 20.833 punturekin amaitu du urte sasoia, bigarren postuan geratu den Gabriel Villaran perutarrak baino ia 7.000 puntu gehiagorekin. Titulu mundiala emateko sari banaketa ofiziala urtero maiatzean egiten den Kaliforniako ekitaldi ospetsuan burutuko da.

Natxo Gonzalez

Aipagarria da, azkenik, Natxo Gonzalez surflari bizkaitarrak eskuratu duen bederatzigarren postua. 19 urte baino ez dituen surflari plentziarra mota eta tamaina guztietako olatuetan aritzen da, baina ez da batere ohikoa hain gaztea izanda olatu handietako txapelketetan halako emaitza onak lortzea. Izan ere, bere ibilbide laburrean sekulako emaitzak lortu ditu jada.