MAR. 10 2015 sokatira Ezpeletako Ñapurrak eta Ibarra izan dira 560ko eta 375eko txapeldunak J.L. Ezpeletako Ñapurrak eta Ibarra izan dira mutilen 560ko eta nesken 375eko talderik onenak, eta eurentzat izan ziren larunbatean Ezpeletan banatu ziren txapelak. Bi taldeek aurreikuspen guztiak bete egin zituzten. 560koan jardunaldi batera jokatu zen, eta Ezpeletako Ñapurrak gailendu zen. Bost talde ziren, eta denak denen aurka neurtu ziren, eta Ñapurrak izan zen jaun eta jabe eta berak lortu zuen txapela, saioko tiraldi guztiak irabazi egin baitzituen. Bigarren postua eskuratu zuen Ibarrak, lapurtarrekin galdu, eta gainerakoak menderatuta. Hirugarren postua eraman zuen Beti Gaztek, eta Lesakakoek osatu zuten podiuma, aurreko biekin galdu, eta gainerakoei tiraldiak irabaziz. Zuri-berdeen atzetik Nafarroako beste bi taldeak sailkatu ziren, Berriozar eta Txantrea, alegia. Emakumezkoetan, 375eko hirugarren eta azkeneko jardunaldia jokatu zen, eta Gaztedik irabazi zuen, baina ez zion txapela lortzeko balio izan, Ibarrak bigarren postua eskuratu baitzuen, eta aurreko jardunaldietako puntuak batuta, eurentzat izan zen txapela. Badaiotz izan zen hirugarren, eta Berriozar, berriz, laugarren geratu zen. Sailkapen nagusian, Ibarra izan da onena, eta atzetik, Gaztedi, Badaiotz eta Berriozar izan dira. Txapelketa hau amaitzeko jardunaldi bat besterik ez da falta, eta datorren larunbatean mistoen 600eko finala jokatuko da, eta aurtengoz hortxe amaituko da goma gaineko denboraldia. Ibarra, Berriozar, Gaztedi A eta B, eta Bizindar-Sokarrola neurtuko dira Ibarran.