Jon LEUNDA
PILOTA | Berezkoen Binakako Txapelketa

Battitte Ducassou une honetako onena bihurtu da

Atzelari lapurtarrak erabaki zuen Donibane Garaziko neurketa. Etxeberrirekin, 40 eta 16 irabazi zuen.

Battitte Ducassou egungo pilotaririk onena bihurtu da, nahiz eta oraindik 23 urte besterik ez dituen. Denboraldi honetako Superprestigioa irabazi du, eta baita Buruz Burukoa ere, eta Binakakoa irabazteko ere faborito garbietako bat da.

Etxeberrirekin batera 40 eta 16 hartu zituen mendean atzo Donibane Garaziko Garatenean Larralde eta Bilbao, 51 minutu pilotan aritu ostean. Norgehiagoka honek sekulako ikusmina piztu zuen, eta Donibane Garaziko Garat trinketeko harmailak erabat bete ziren. Belaunaldi berri honetako hiru gazte han ziren, baina gero neurketa ez zen ona atera, eta horren errua Ducassouk izan zuen.

Itsasuko atzelariak nahi bezala eraman zuen norgehiagoka, eta aurrean, berriz, Etxeberrik ederki lagundu zion, nahiz eta une batean Bilbaorekin izan zuen jarrera ez zitzaien zaleei gehiegi gustatu.

Hasieratik atera zuten zuloa, eta oso azkar egin zuten, gainera, gero eta handiagoa egiten joan zena, eta amaieran oso garaipen erosoa lortu zuten, txapelketa honetako bigarren puntua lortuz, eta finalerdietan aritzeko txartela ia segurtatuz, horretarako oraindik beste puntu bat ere beharko duten arren.

Saketik 12 kintze lortu zituen Herve Etxeberrik, eta 3 besterik ez Peio Larraldek. Jokoan, 18 egin zituzten irabazleek, eta bost besterik ez galtzaileek, eta galdu 8 eta 10 egin zituzten. Norgehiagoka honetako markagailua honela mugitu zen: 2-0, 10-2, 10-6, 19-7, 26-12, 30-13, 37-15 eta 40-16.

Bigarren Mailakoa

Bigarren Mailakoan ere ez zen ezusterik izan, Intxauspek eta Saldubeherek 40 eta 27 hartu baitzituzten mendean Elgart eta Bonebeltxe, 74 minutu pilotan aritu ostean. Intxauspe eta Saldubehere dira txapela lortzeko faborito nagusiak, eta oraingoz oso bide onetik doaz, gainerakoen gainetik agertu baitira, eta atzo ere horrela izan zen.

Lehen hiru tantoetan berdinketak izan ziren markagailuan, baina hortik aurrera garaipena lortu zuen bikotea aurrea hartzen hasi zen, eta horrelaxe joan zen apurka-apurka, eta lan erdietara hamar tantoko aldearekin iritsi ziren Intxauspe eta Saldubehere, eta tarte hori ez zuten alferrik galdu, amaieran garaipen erosoa eskuratuz

Saketik, 11 tanto egin zituen Intxauspek, eta bi bakarrik egin zituen Elgartek. 17 eta 16 tanto egin zituzten jokoan, eta 9 eta 12 galdu zituzten. Norgehiagoka honetako markagailua honela mugitu zen: 1-0, 1-1, 2-1, 2-2, 3-2, 3-3, 15-6, 24-14, 30-15, 38-21, 39-27 eta 40-27. Intxauspe izan zen lau pilotarien artean onena, nahiz eta Saldubehere ere ongi aritu zen.