MAR. 16 2015 PILOTA | Berezkoen Binakako Txapelketa Agusti Waltarik berriro ere lesio larria izan dezake Amerikarra, Lanbert lagun zuela, 30-6 ari zen galtzen Etxeberriren eta Ducassouren aurka partida utzi zuenean. Jon LEUNDA Ikusmin handia zegoen atzoko Lehen Mailako partida ikusteko, baina oso gauza gutxi ikusi ziren, eta Waltariren lesioarekin amaitu zen, gainera, neurketa. Kubakoak bizkarreko arazoak izan ditu azkeneko urte eta erdian, eta bere joko bolada onenera itzultzen ari zenean, berriro ere leku berean min hartu zuen, eta kantxa utzi behar izan zuen amerikarrak. Negarrez utzi zuen kantxa, eta aurtengoz egin beharrekoa egin ote duen itxura zuen gertatutakoak. Ordura arte, ordea, ez zen batere ongi aritu. Faboritoak, Etxeberri eta Ducassou, jaun eta jabe izan ziren hasieratik. Ducassou sasoi bikainean dago, eta egun dagoen pilotaririk onena da. 23 urte ditu, baina bai bakarka eta baita binaka ere gainerako guztiak menderatzen ditu. Hasieratik hartu zuten aurrea, eta partida nahi bezala zeramaten. 8-0 aurretik ziren, eta ondoren 12-4 jarri ziren, baina hor hasi ziren Waltariren komeriak. Zerbait ba ote zuen susmoak agertu ziren, baina bera ez zen kexatzen, eta 30-6 joan ziren Etxeberri eta Ducassou, eta orduan bai, ezin zuen gehiago, eta Kubakoak kantxa negarrez utzi zuen. Ondoren partida bera ere alde batera utzi zuen, eta, hala, 40-6koarekin amaitu zen Etxeberriren eta Ducassouren alde, eta jadanik finalerdietarako txartela segurtatuta utzi zuten. Bigarren Mailako berriak ere ez ziren hobeak izan, izan ere, Amuletek ere min hartu zuen. Orkatila bihurritu zuen partida 17-17 berdinduta zegoenean, baina aurrera egin zuen, eta norgehiagoka amaitu egin zuen, nahiz eta galdu. Elgartek eta Bonebeltxek 40 eta 25 hartu zituzten mendean Monze eta Amulet. Azken horrek min hartu arte, berdinketa ugari izan ziren markagailuan, baina behin min hartu zuenetik, garaipena lortu zuen bikotea jaun eta jabe izan zen, eta 23-8ko partziala lortu eta garaipena eskuratu zuten. Lamour da atzelari ordezkoa, bai Lehen Mailan eta baita Bigarren Mailan ere, eta pentsatzekoa da Amulet osatzen ez bada, berak jokatuko duela datorren asteburuan. Gaur egingo dizkiote osasun probak, eta horren ostean hartu beharko dituzte hartu beharreko erabakiak. Igande beltza izan zen atzokoa, ez baita normala jaialdi bereko bi partiduetan pilotari banak min hartzea, baina denetan kezkagarriena Waltariren lesioa izan zen. Amulet berehala izango da berriro jokatzeko moduan, baina, amerikarraren kasuan, pasa duen guztia pasata, ez dirudi hala izango denik; berriro lesio bera baldin badu, agian bere azkena ere izan daiteke, urteetan ere aurrera baitoa kubatarra.