Elizondoko finalean kantatuko duen zortzikotea emozio handiz erabaki da
Horra datorren martxoaren 28an Elizondon kantatuko duen zortzikotea: Julio Soto, Xabier Terreros, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes «Itturri», Eneko Fernandez, Oskar Estanga eta Julen Zelaieta. Gordetzeko eta berriz aditzeko moduko bertsoz betetako Burlatako saiotik, Lazkoz eta Estanga sailkatu dira.
Otsailaren 7an Iruñean hasi eta atzo ia-ia hasierako puntura, Burlatara, bueltatu bitartean asteburuz asteburu bertsoz, kulturaz eta sentipenez hornitu ditu Nafarroako Txapelketak hainbat bazter. Eta azkenean erabaki da, emozioak azalean, finalerako atea nortzuk igaro duten.
Hala gelditu zen Burlatako sailkapena: Eneko Lazkoz (338,5), Oskar Estanga (321,5), Saioa Alkaiza (316,5), Aritz Saragueta (305,5), Migel Mari Elosegi Luze (302,5) eta Oier Lakuntza (294).
Saio ederra josi zuten denen artean, lan ederra egin arren finaletik kanpo gelditu den Alkaizak agurrean kantatu gisan, elkarri eskua emanda. Apartatzeko moduko bertsoak gordetzen hasi, eta azpimarraz bete zitzaigun pantaila. Denerako tartea egon zen, umorerako eta bihotza estutzeko, irri ttipia ezpainetan gustura aditzeko, eta, Lazkozen kartzelakoan bezala, bertsoaldi borobilekin txunditzeko.
Kartzela borobila
Hona Lazkozen kartzela, «Gaur izan duzu epaiketa, ongi atera da» gaiari erantzunez: «Gauzak aldatu zitezen genuen borondatea/ gazteriaren gainean beti baitago katea/ harrotasun handiz nintzen Segiko militantea/ horrek arriskua beti izaten du giltzapea/ gaur eman dute epaia aldatu zait aldartea/ gaur sentitu dut aspaldi sentitu ez nuen pakea/ ez da tokatzen berriro kartzelara joatea»
Eta bigarrena: «Lehendik probatua nago Valdemoroko hotela/ ta hango ordulariak erritmoa du motela/ kartzeletik irten eta gero auzitegi gela/ eskerrak dena irten den guk nahi genuen bezela/ epaia eman digute ta subidoia itzela/ baina ezin erraz ahaztu hain gogorra hain krudela/ azken urteotan bizi izandu dugun kartzela».
Erran bezala, kideek elkarrekin egin zuten aitzinera saioan, batak bertzeari erantzunez, lagunduz, xaxatuz... Hala, Burlatako kultur etxeko tenperatura goititzen joan zen errimaz errima, kartzelan bero puntu gorena hartu eta txalo leherketa batekin bukatu arte.
Azken ariketa horretan, hagitz bide desberdinak hartu zituzten bertsolariek: Lakuntzak guardia zibil baten paperetik kantatu zuen, Elosegik Soziedad Alkoholika taldeko musikari baten ahotik, eta Estangak bi ale berezi oparitu zituen Gu ta Gutarrak taldearen «Noiz hasi ote zen dena» kantuaren doinua moldatuz: «Guardia Zibilak herrian gelditzen gintun askotan/ gaztetxeko ekimenak izorratzeko asmotan/ gazte askoren morala utzi ohi zuten kolokan/ ez zuten maite aritzea herrian alde borrokan/ baino gazteak ez ginen isildu nahiean lotan/ eta kuartel aurren jarri ginen han kaltzontzilotan», abestu zuen lehena.
Saraguetaren habanerak hunkigarriak izan ziren, lehen bertsoa adibide: «Azkenaldian bizitza bilakatu zait ilunpe/ baina kapitulo hau ja ahaztu egin nahiko nuke/ zoriontasuna datorkit sententzia on baten truke/ notizia on bat izan da neretzat ia ezuste/ sententzia argi dago beretzat hamabost urte/ jipoitu nauen gizona kartzelan sartuko dute».
Saioko gazteena zen Alkaizak bertsoa bukatzerako publikoa jada txalotzen hasi zen: «Gazte danbada ekitaldia nere ardura ematea/ kamara ta bolia hartuta zer pasa zen esatea/ baina informatze hutsagatik epaitegien partea/ adierazpen askatasunak sufritutako kaltea/ nahiz atzean utzi berri dudan audientziaren atea/ Euskal Herrian ez da xamurra kazetaria izatea».
Ofizioei dagokienez, denetan egon zen zerbait gordetzekoa. Bat aukeratzekotan, Elosegiren eta Estangaren zortziko txikiko lana. Bikotea dira eta haur bat dute elkarrekin. Oskar haurra lokartzera joan da, eta, Miel Mari gelara joan denean, Oskar seko lo aurkitu du, eta, umea, esna. «Nola ba lo ez hartu Txanogorritxukin», hasi zen leitzarra, eta gaintzarrak erremate bikaina eman zion bertsoaldiari: «Bi aita eta umea noski hiru lagun/ hirurok goxo-goxo lo egin dezagun». Jendeak berarekin abestu zuen bukaera.