MAR. 20 2015 KOLABORAZIOA Arabako Aldundiaren intolerantzia ikasbideak Aspalditik, PPk estrategia argia du: gizartea segmentatzea sorterriaren, kulturaren eta erlijioaren arabera; gizarte kategoria horietan sartzen diren pertsonei balio esentzialistak eta negatiboak esleitzea, eta bere burua alternatiba posible bakartzat aurkeztea subjektu horien aurka borrokatzeko Miguel Angel Navarro, Andres Krakenberger eta Juan Ibarrondo (*) Argituz Giza Eskubideen Aldeko Elkartea Ariketa bat egitera animatzen zaitugu irakurtzen jarraitu aurretik: pentsa itzazu zure ustez Euskadin urratzen diren bost balio demokratiko edo giza eskubide nagusiak, euskal gizartearentzat benetako arazo direnak. Orobat, pentsa itzazu zuk bizi izan dituzun adibide zehatzak. Prest? Ondo da. Oraingoan, aldera itzazu zure erantzunak Arabako Foru Aldundiaren «Zero tolerantzia» izeneko kanpaina berriarekin. Aldundiaren iritziz, hauek dira Arabako herritarrek giza eskubideen inguruan dituzten arazorik handienak: fanatismo erlijiosoa, indarkeria matxista, homofobia, emakumezkoen mutilazio genitala eta adinekoei zuzendutako tratu txarrak. Asko asmatu dituzue? Ausartuko gara hiru baino gehiago asmatu ez dituzuela esatera. Larria da euskal gizartean benetako eragina izan duten intolerantziak ahaztea (agertzen direnak gutxietsi gabe), eta ageriko larritasun maila baina Arabako gizartean eragin txikia duten beste batzuekin ordeztea, adibidez, emakumezkoen mutilazio genitalarekin (EMG); baina are kezkagarriagoak dira intolerantzia bakoitza argitzeko jarri dizkiguten adibideak. Bide batez, adierazgarria da PP gaur egun hain sentibera agertzea Arabako nesken mutilazio genitalaren inguruan, nahiz eta 2012an benetan hondatu zuen honako proiektu hau: «Araban emakumeen mutilazio genitala saihesteko behatokia eta estrategia berriak: ezagutuz jardun Araban». Horren xedea zen EMGri maila prebentiboan heltzea Araban, osasuneko lehen mailako arretaren, gizarte zerbitzuen eta hezkuntza sistemaren bidez. Kanpainaren diseinuak berak jarrera harrarazten digu; ezkerrean, intolerantzia adibideak hondo beltzez, eta eskuinean tolerantzia, hondo zuriz. Diseinu grafikoa garaiz kanpokoa dela alde batera utzita, intolerantziako pertsona gehienek azal nahiko iluna dutenez tolerantziakoekin alderatuta, azken konposizioaren itxura txar samarra da. Gustu estetikoak baztertuta, mamia adibide zehatzetan dago. Fanatismoa irudiztatzeko, lasai asko erabil zezaketen Belaunaldi Berrien (PPko gazteak) buruak besoa altxatua agur nazia egiten agertzen diren argazkietako bat, Interneten ugari baitaude; bestela, Gasteizko elkarte afroamerikarraren lokalaren sarreran eta Lanbiden gamma-gurutzearekin agertu diren pegatinak erabil zitzaketen. Baina ez, fanatismoa irudiztatzeko burka daramaten emakume talde baten argazkia erabili dute, Afganistanen ateratakoa. Baina, noski, egiatan fanatismo erlijiosoaz jardun nahi badute, askoz hurbilago ditugu Kristoren Legionarioak, sortzailea pederastiaz akusatzen dute eta; baina ez, hobe da musulmanak-jihad-terrorismoa-burka estereotipoa azpimarratzen jarraitzea. Gogoratu jende horrek bainua hartzen duela gure igerilekuetan eta gure autobusetara igotzen direla; eskerrak Ertzaintza kalean identifikatzeko prest dugula. Homofobiaren harira, kasu horretan ere urruneko lurren irudi bat erabili dute kasualitatez, eta nola ez, herrialde musulmanekin zerikusia du. Pena da, Errusia gertuago baitugu; baina hobe bizilagun milioidunari enbarazu ez egitea, ezta? Eta are gertuago dugu beste argazki bat, PPk sexu bereko pertsonak Espainian ezkontzeko Legeari jarritako konstituzio- kontrakotasuneko errekurtsoari atera geniezaiokeena, baina horrek gure (zintzoak) eta besteen (gaiztoak) arteko hesia apurtuko luke. Zein da Arabako Foru Aldundiaren kanpainaren benetako xedea? Giza eskubideen aldeko benetako interesak mugiarazten ditu? Erantzuna ezezkoa da, bi arrazoirengatik. Lehenengoa da PPko gobernuak ez direla inoiz nabarmendu giza eskubideak defendatzeagatik; kontrakoa egiteagatik bai, ordea. Horren adibide dira azken hilabeteotan Melillako hesian gertatutakoa; giza eskubideetarako Nazio Batuen bost kontalarik zigor kodearen erreformari eginiko kritikak, herritarren oinarrizko eskubideak urra ditzakeelako; edo Nazio Batuetako Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeak Espainiari emandako zentzabidea aldian behingo bosgarren txostenean (E/C.12/2012/SR.28). Bigarrena da giza eskubideen erabilera zikoitza egiten duela, eta justifikazio bila dabil Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko lehen artikulua ahultzeko: «Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta es- kubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute». Gainera, gogoratu behar dugu giza eskubideak zatiezinak direla, elkarri lotuta daudela eta elkarren mendeko direla. Batean aurrera egiteak besteetan ere aurrera egiten laguntzen du. Orobat, eskubide bat kentzeak eragin negatiboa du gainerakoetan. Arabako Aldundiari giza eskubideak axola ez bazaizkio, zein da kanpainaren xedea? Gure ustez, azken helburua hauteskundeak dira, besterik ez. Aspalditik, PPk estrategia argia du: gizartea segmentatzea sorterriaren, kulturaren eta erlijioaren arabera; gizarte kategoria horietan sartzen diren pertsonei balio esentzialistak eta negatiboak esleitzea, eta bere burua alternatiba posible bakartzat aurkeztea subjektu horien aurka borrokatzeko. Argituzek denbora darama esaten marra gorri ugari gainditzen ari direla, eta gorroto diskurtsoekin lotuta dagoen gizarte giro negatiboa sortzen ari dela. Zorionez, Arabako gizartearen zati handi bat heldutasunez erreakzionatzen ari da, eta ziur gaude gauza orori bere tokia ematen jakingo duela. Jakin badakigu Arabako herritarrek giza eskubide guztien aldeko defentsa erradikalaren aldeko apustua egiten dutela, baita benetako intolerantziaren aurkako borrokaren aldekoa ere.