MAR. 23 2015 ESKI-ALPINISMOA | Goi mailako lasterketa Pierra Mentaren 30. ekitaldian ez da ezustekorik izan Europako mendi eskiko proba arrakastatsuenean, Mireia Miro eta Laetitia Rouxek irabazi dute nesketan eta Damiano Lenzi eta Matteo Eydallinek, mutiletan. Nahia Quincoces, Marta Garciarekin, zazpigarren sailkatu da. Ia 200 taldek burutu zuten lau eguneko lasterketa. Andoni ARABAOLAZA Ohi den legez, Pierra Mentak ez zuen hutsik egin. Ohi den legez, lau eguneko proba izan da (hilaren 11tik 14ra). Ohi den legez, ibilbide tekniko zein alpinoak antolatu zituzten. Ohi den legez, lasterkariek 10.000 metroko goranzko desnibela eta 90 kilometroko ibilbidea gainditu behar izan dituzte. Ohi den legez, parte-hartzaile kopurua handia izan da oso. Ohi den legez, Grand Monten bildutako ikusleak 3.000 baino gehiago izan dira. Ohi den legez, elitearen maila bikaina izan da. Eta ohi den legez, eskiatzaile herrikoiek beste izaera bat eman diote hitzorduari. Hitz batean esanda, beste behin, eta 30 edizio jokatu dira dagoeneko, Pierra Mentak hamarra merezi izan du. Lau eguneko lasterketari dagokionez, aipatu behar dugu elitean ez dela ezusteko nabarmenik izan; hots, talde faboritoek irabazi edo lehen postuak eskuratu dituzte. Nesken mailan, adibidez, Mireia Miro katalana eta Laetitia Roux frantziarra aise gailendu dira. Bikote honek bi garaipen eta bi bigarren postu egin ditu, baina, esan bezala, ia ez dute arazorik izan Pierra Mentaren 30. ekitaldia irabazteko. Lehen egunean bigarren sailkatu ziren, baina hurrengo bietan irabazi egin zuten eta, azken lehian bigarrenak izan baziren ere, bi etapa horietan lortutako aldeaz baliatu ziren sailkapen nagusia berenganatzeko. Oro har, irabazleek sailkapen nagusian bigarren sailkatu zen taldeari 8 minutu eta zazpi segundo atera diote. Zilarra, beraz, Emelie Fosberg suediarra eta Axelle Mollaret frantziarra izan dira. Talde honi dagokionez, azpimarratu behar da bikain jardun duela. Fosbergek, adibidez, mendi lasterketetan goi mailako lehiak egiten ditu, baina eski-alpinismoko izaera horretako lasterketa batean apenas zuen eskarmentua. Bere taldekide Mollaretek, aldiz, ondo baino hobeto ezagutzen du Pierra Menta; izan ere, iazko edizioan berriro bigarren postuan sailkatu zen. Rouxek hiru garaipen jarraian sinatu ditu; hain zuzen ere, azken hiru ekitaldietan urrea erdietsi du. Mirok ere jakin badaki zer den podiumaren lehenengo postura igotzea, bere taldekide frantziarrak bezala hiru garaipen lortu baititu. Behin lau eguneko lasterketa amaituta, katalanak ondorengoa adierazi zuen: «Uste dut egun batzuk behar ditudala balentria historiko honetaz jabetzeko. Lasterketa honetan eta giro bikain honetan sinatu dudana sinetsezina da. Laetitiak eta biok lan handia egin dugu». Emakumezkoen lasterketarekin amaitzeko, aipatu behar dugu Pierra Mentan euskal ordezkari bat izan dela: Nahia Quincoces. Marta Garcia katalarekin jardun du, eta 24 taldetatik euskal selekzioko kideak goi mailako zazpigarren postua erdietsi du. Lau egun horietan bikote hori oso erregularra izan da, seigarren eta zazpigarren postuak poltsikoratuz. Eta, esan dugun bezala, azkenean zazpigarrenak izan dira, Miro eta Rouxengandik ordubete eta eta ia 42 minutura. Bien bitartean, gizonezkoen mailan, Damiano Lenzi eta Matteo Eydallin italiarrek iazko garaipena errepikatu dute. Lehen hiru etapak irabazi zituzten, eta, azkenekoan bigarren postua sinatu bazuten ere, bikote italiarrak ez zuen estutasunik izan urrea etxera eramateko. Aipatu behar dugu, italiarrak hamar ordutik jaitsi direla; lau etapen denborak kontuan izanda, egundoko denbora lortu dute: 9 ordu eta 22 minutu. Azkeneko etapan, Lenzi eta Eydallin lasai lehiatu ziren, eta bigarren sailkatuek, Willian Bon Mardionek eta Xavier Gachetek, erasoari ekin bazioten ere, irabazleak ez ziren «probokazioetan» erori eta bigarren postua lortu zuten. Minutu eskas bateko aldea atera zieten. Sailkapen nagusian, irabazleek bigarren sailkatuei 3 minutuko aldea atera diete. Hirugarren sailkatuak Robert Antonioli eta Michele Ebscacci italiarrak izan ziren, Lenzi eta Eydallinengandik 16 minutu eta 27 segundora. Aurreneko euskal taldea, 88. postuan, Igor Alzelaik eta Joseba Sarasolak osatutakoa izan da. Azkenik, junior mailan, Iñigo Martinez de Albornoz, Antonio Alcalderekin, 40 taldetatik seigarrena izan da. Eta kadeteetan, Carla Martinez de Albornozek, Julia Massaguekin, postu bera lortu du; 8 talde lehiatu ziren. EUSKALDUNAK. Nagusietan, Joseba Sarasola eta Igor Alzelai 88.ak izan dira. Juniorretan, Iñigo Martinez de Albornoz, seigarrena. Eta postu bera lortu du Carla Martinez de Albornozek kadeteetan.