FEB. 03 2016 Harri-jasotzea Izetatarrak beste marka bat egiteko prest daude Jon LEUNDA Izeta aita-semeak arituko dira gaur, Abadiñoko probalekuan, 12.30ean hasita, marka egiteko asmoarekin. Biak txanda librean arituko dira 100 kiloko zilindro koparekin, hamar minutuko txanda bakar batean. Gaurkoan, ordea, Izeta II.a eta Izeta IV.a, esku bakar batekin jardungo dira lanean, eta honelako harri batekin esku batekin txanda librean ez dago markarik; beraz, saiatuko dira ahalik eta handiena jartzen. Aita-semeak hirugarren aldiz izango dira Abadiñon, bertako jaietako egun handian. Aurrenekoa 2010ean izan zen, eta orduan 125 aldiz jaso zuten 125eko koadroa. Bigarren aldiz, berriz, orain dela hiru urte izan zen, eta harri zilindroa beste horrenbeste aldiz jaso zuten, baina kasu horietan bi eskuekin aritu ziren biak. Izetak pasa den urtean ezkerreko eskuan lesio bat izan zuen, eta orduan, sasoi onean jarraitzeko esku batekin aritu zen entrenatzen. Hura ikusita, semeak ere entrenamendu ugari egin zituen horrela, eta orain marka honi aurre egiteko primeran etorri zaie. Izeta II.ak orain hamar egun egin zuen beste marka bat.