GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Ortuzar jauna, Peter Pan eta Txomin del Regato


Graziosoa dela uste du Andoni Ortuzarrek, grazia espezialekoa. ETBren laguntzarekin txistezale aritzea gustatzen zaio. Berdin-berdin dio mototsak, “Despacito” udako kanta, psikologian ezaguna den “Peter Panen sindromea” edo «motozerrarekin moztutako» kopeta-ileak diren aitzakia, den-denak balio du EAJren bidea pragmatismoaren adibide goren egin eta EH Bildu egurtzeko. Albistegietarako txisteak egitea modus operandi gisa hartuta, Atila bera Jainkoarena bezala, ezkerreko abertzaleen zigorra dela uste du. Orain ile-apaintzaile, gero DJ edo psikologo, paperean sartu eta sinetsi egiten du.

«Despacito, despacito» egiten dutela politika dio Ortuzarrek. Erabilgarria den guztia ona dela, eta, beraz, espainiar izateagatik kobratzea euskal politika ona egitea dela. Dirua lortzen bada justifikatuta dago, GALen garaian PSErekin Jaurlaritza konpartitu bezala orain PPrekin joatea. Euskal jendeak ez duenez ideologia jaten, ba hemen, idealak baino ekintzak eta irabaziak behar dira. Azken buruan, politika hori omen da: kudeaketa.

EH Bildu Peter Panen pareko dela ere badio. Hazi eta heltzen ez dakien indarra. Nartzisista eta suminkor, molusku bat bezala oskolean sartuta omen dago segurtasun faltagatik, onartua eta maitatua ez izateari dion beldurragatik. Ortuzarren umorea librea da, eta hala behar du, jakina. Baina kezkatzen nau EBBren burua Txomin del Regatorena egiten ikustea, «pintto-pintto ekarzu pilota txikia» otzan betetzen duen eta espainiarrek txaloka hartzen duten on-puska itxurako euskaldun txintxoarena egiten. Pena ematen dit, handia benetan.