JUN. 28 2019 JOPUNTUA Jazarpenaren irakasgai lazgarria Maria del Rio Zuzenbidean doktorea Duela gutxira arte, eskola-jazarpena ezkutuko gertaera zen; egoera saihetsezina eta pribatua. Nolabait, eskolatik igarotzearekin batera datorren zerbait, bizitza heldurako prestaketa gisa edo. Egia da jazarpen honen inguruko kontzientziazio maila izugarri handitu dela, baina tarteka berri beldurgarriren batek egiteko asko dagoela gogorarazten digu; Getxon azkenengoz. Eskola-jazarpena ikaskideen artean gauzatzen den tratu txarra da. Funtsean, erasotzaileak defendatzeko gai ez denari kalte egiteko asmo argia adierazten du. Erasoen errepikapena oinarrizko elementua da, baita haur edo nerabeen arteko botere desoreka ere. Agerbide ezberdinak izan ditzake: bazterketa soziala, ahozko erasoa, eraso fisikoa, mehatxua, sexu-jazarpena edo ziber-jazarpena... guztiak oso kaltegarriak. Jazarpenaren ondorioak epe motzean antzematen dira, baina baita epe ertainean eta luzean ere. Indarkeria horiek haurrak eta nerabeak euren nortasuna lantzen ari diren bitartean izaten dira. Horregatik, biktimak ahulagoak dira eta oztopoei aurre egiteko zailtasun handiagoak dituzte. Ondorioz, litekeena da txikitan pairatutakoak euren heldutasunean eragina izatea. Ez dira, inondik inora, umekeriak. Ulergarria denez, jazarpenaren biktimak eragin negatiboak pairatuko ditu, baina kontuan izan behar dugu erasotzaileak eta egoera ikusten ari diren beste kideek ere etorkizuneko ondorio lazgarriak izango dituztela. Denak beldur giro baten heziko dira, eta harremanak izateko eta arazoak konpontzeko bide zehatzak eta galgarriak ikasiko dituzte. Ezin dugu ahaztu, batik bat, guzti-guztiak babestu beharreko adingabeak direla. Finean, barneratu behar dugu eskola-jazarpena ez dela arazo isolatu edo zehatza, egiturazko arazoa da eta, beraz, hezkuntza komunitate osoak batera lan egin behar du egoerari aurre egin ahal izateko. Fenomenoa kezkagarria da, gizarte zibilizatu baten oinarriak kolokan jartzen ditu; horregatik, eskolako bizikidetza hobetzeko badaezpadako neurriak funtsezkoak eta premiazkoak dira. Indarkeria horiek haurrak eta nerabeak euren nortasuna lantzen ari diren bitartean izaten dira. Horregatik, biktimak ahulagoak dira eta oztopoei aurre egiteko zailtasun handiagoak dituzte