GARA Euskal Herriko egunkaria
TXIRRINDULARITZA

Alejandro Valverdek beste urtebete egingo du tropelean


Amaitu berri den denboraldian, azken urtea zuela pentsatuz, korritutako lasterketa guztietan omenalditxoak jaso arren, Movistar taldeak atzo jakinarazi zuen Alejandro Valverdek beste urtebetez jarraituko duela taldean eta, beraz, tropel profesionalean lehiatzen.

Murtziarrak 41 urte ditu, 2002an egin zuen debuta profesional mailan eta 2022an bere 21. denboraldiari ekingo dio, nahiz eta zenbait geldialdi egin behar izan dituen urte horietan dopin kontuak eta lesioak tarteko. Valverderen garaipen zerrenda ikaragarria da, goi mailako 130 garaipen lortu baititu azken 20 urteotan. 2020a garaipenik gabe amaitu ostean, 2021ean hiru lortu ditu: Miguel Indurain Sari Nagusia, Dauphineko etapa bat eta Siziliako itzulian beste etapa bat.

Albistea sare sozialetan eman zuen jakitera taldeak, bideo hunkigarri baten bidez. Mezua ikusita, badirudi 2022koa Valverderen azken denboraldia izango dela, “Milesker denagatik”, “Gozatu” eta antzekoak aipatzen direlako. “Azken bala” ere aipatzen da, baina justu bideoaren amaieran esaldi horri galdera ikurrak jartzen dizkiote, “Azken bala?”; beraz, ezin jakin benetan hurrengoa murtziarraren azken urtea izango den ala ez.

Giroa forma hartzen

Italiako Giroa, bestalde, bere ibilbidea zatika aurkezten hasi da eta atzo Hungariako lehen hiru etapak aurkeztu zituzten: Budapest-Visegrad (ostirala, maiatzak 6, 195 km), Budapest-Budapest erlojupekoa (9,2 km, azkena goraka) eta Kaposvar-Balatonfured (201 km, gizon azkarrentzat egokia).