GARA Euskal Herriko egunkaria

Elkartasun ekimenak Oaren auziaren harira

2015ean kartzelatik atera ostean Larresoron errotu zen Oier Oa. Zigorrari loturiko lurralde debekuak, baina, bere bizimodua baldintzatu du geroztik eta iaz kontrol batean atzeman zutenetik ezin izan du Lapurdin bizi. Azaroaren 8an Parisen deituriko auziak bere geroa markatuko duela jakinik, hainbat elkartasun ekimen martxan eman dituzte.


Iazko azaroaren 25ean lantoki duen Baionako Etxepare lizeora bidean kontrol batean atzeman zutenetik, 2015ean kartzelatik atera zenetik Larresoron errotutako Oier Oa familiarengandik urrunduta bizitzera behartua izan da. Frantses justiziak jarritako zigorra amaituta libre atera zenetik bost urte luze igaro badira ere, denbora horretan guztian bere egoera erregularizatzeko eginiko saioek kale egin dute.

Oaren azken atxiloketari erantzunez Amaia Rekarte abokatuak ezarritako eskaera aztertuko du Parisko auzitegiak heldu den azaroaren 8an. Auzi saioak Oaren bizi egitasmoa erabat baldintza dezake. Bere defentsak eginiko eskaera aintzat hartuz lurralde debekua kenduko baliote, Oak emaztearekin eta hiru semeekin Larresoron zeraman bizimodu arrunta berreskuratzeko aukera izango luke. Auzitegiak Oaren aurka joko balu, preso ohiarentzat eta bere familiarentzat ondorio larriak izango lituzke erabakiak. Auziak duen garrantziaz jabeturik, hainbat elkartasun ekimen antolatu dituzte bai Baionan bai Larresoron Oaren egoera behingoz konpon dezatela eskatzeko.

«Zigor bat gehiago» filma

Horrekin batera, Etxepare lizeoko ikasle ohi bik “Zigor bat gehiago” izenburuarekin egindako dokumentala ikusteko parada izanen da Kanalduderen bidez. Auziaren egun berean iluntzeko zortzietatik aurrera ikusgai izanen da dokumentala telebistaren webgunean. Ekhi Perrier eta Thomas Brillaxis dokumentalaren egileek GARAri azaldu diotenez, Oak bizi duen egoeratik abiatu badira ere filma egiteko orduan, hainbat eta hainbat euskal preso ohik pairatutako zigor gehigarria salatzea izan dute helburu. Horren erakusle, bere aurkako lurralde debekua bertan behera gelditu ondoren berriki Urruñara itzuli den Igor Uriarte gasteiztarraren egoera ere aztertu dute dokumentalean.

Bihar arratsaldean Larresoron antolaturiko elkartasun ekimenera hurbilduko diren lagunek dokumentala estreinakoz ikusteko parada izanen dute. Aitzinetik elkarretaratzea antolatu dute, 19.30ean, Herriko Etxearen aitzinean.

Bestalde, azaroaren 8an, Oa atxilotu zuten tokitik, Hiriburuko Aturri kolegioko biribilgunetik, abiatuko den korrikaldia antolatu dute Etxepareko ikasleek. Lizeoan amaituko den lasterketaren bidez beraien hezitzaileak osatu ezin izan zuen zazpi kilometroko ibilbidea irudikatuko dute lizeoko ikasleek.