GARA Euskal Herriko egunkaria
Interview
Mikel Mundiñano «Zato»
Zama Doinuz Arinduko kidea

«Urte hauetakoak erakusten du euskal musikagintzan badagoela konpromisoa»

Zama Doinuz Arindu jaialdiak 8. edizioa beteko du aurten, Etxarri Aranatzen, urtarrilaren 15ean. Espetxe politikaren zama arintzea gauza oso neketsua den arren, elkartasun jaialdi honek, musika ardatz, horretarako saiakera egingo du beste urtebetez.

(SAIOA «GAU ILUNAK»)

Mikel Mundiñano hasieratik dago ekimen honen antolakuntzan buru-belarri. Harekin hizketan aritu gara jaialdiaren nondik norakoak azaltzeko.

Zuek apaletik hitz egiten duzue, jaialdi txikia dela esanez. Baina honek ere hilabete luzetako lana du atzetik, ezta?

Formatu txikia eta lokala da. Bagenekien hasieratik gure xumetasunetik ere gauzak ongi eta txukun egiteko aukera genuela. Lan talde xumea dugu, eta horietatik asko beste kontuetan ere badabil eta beste lehentasun batzuk ere baditu, baina lortu dugu zazpi urte hauetan lan talde sendo bat osatzea eta jaialdi hau aurrera eramatea.

Besteak beste, zuetako asko Hatortxu Rocken ere lanean aritzen da.

Modu batean edo bestean, egia da han ere gure lan taldeko kide asko ibiltzen dela, baina baita presoen eskubideen aldeko bide horretan dauden beste ekimenetan ere. Etxarri Aranatzen azken 47 urtetan 15 hilabetez soilik ezagutu dugu preso politiko edota iheslari gabeko herri bat. Errealitate horrek gure egunerokoan sekulako eragina izan du: 40 etxarriar inguruk ezagutu dute espetxea barrutik eta guztien artean 300 urteko kartzela zigorra metatuta dute.

Kontatu egiguzu zer-nolako giroa egoten den jaialdian.

Nik uste dut oso goxoa eta hunkigarria dela. Toki txikia eta goxoa da Etxarri Aranazko kultur etxea, eta horrek ere ahalbidetzen du hori. Guk jaialdia antolatzen dugun moduak ere nik uste baduela zerikusirik. Mezuarekin eta musikarekin jolasten dugu eta saiatzen gara kontakizun bat sortzen. Errealitate bat azaltzen dugu musikaren bidez.

Kartela osatzeko, nola moldatzen zarete?

Lehenengo irizpide bezala, inork ez errepikatzea dago. Uste dugu horrek ere beste dimentsio bat ematen diola jaialdiari. Horrela, Euskal Herrian dauden abeslari edo talde desberdinengana jotzeko aukera ematen digu, eta pixkanaka Etxarrira etortzeko gonbidapena luzatzen diegu askori. Dena dela, espero dugu Zama Doinuz Arindu jaialdiak ere laster pertsiana botako duela, Hatortxuren antzera.

Aurtengoan ere zerrenda polita osatu duzue, denek ere azken bi urteen barruan diskoren bat kaleratu dute.

Zortzikotekoak nik uste badirela Euskal Herriko eszenatoki desberdinetan egurra ematen ari direnak. Oso pozik gaude kartelarekin, guretzat luxua delako horrelako zortzikotea izatea.

Tatxers aditzeko, esaterako, ez da aukera askorik izango, eta zuenean izango dira. Adin tarte zabala hartzen duzu Zama Doinuz Arindun, halako taldeak Jon Maiaren edota Loreleiren proposamenarekin batera jarrita.

Bai eta horretan ere saiatzen gara. Estilo desberdinek adin desberdinetako jendea erakartzen duela badakigulako, eta aukera horien artean gero sortzen da kartela. Gazte belaunaldi berriak izango dira nolabait ere Tatxers eta Olaia Inziarterekin, edota Nøgenekin, baina aspaldiko batzuk ere badira tartean, eta horiek gurean izatea zinez atsegina da.

17:00etan lehen pasea, 19:30ean bigarrena. Baina egunean bertan Etxarrin mugimendurik izaten al da?

Bai, nabaritzen da, egun polita izaten da gurean. Goizetik izaten da mugimendua. Hasteko, musikari guztiek goizetik egiten dituztelako soinu frogak. Aipagarria iruditzen zait etortzeko egiten duten ahaleginaz gainera, egun osorako etortzen direla.

Baina tabernetan ere nabaritzen da mugimendua. Ekimena bera ezagunagoa egiten ari den heinean, Etxarritik eta Sakanatik kanpoko jendea ere bertaratzen delako eguna gurekin pasatzera.

Sarreren salmenta zer moduz doa?

Ondo doa, eta espero dugu urtero bezala sarrera guztiak salduko direla. Hortaz, bertaratzeko asmotan dabilenak bizi ibili beharko du sarean, edo Etxarriko Lekuona edo Xapatero tabernan sarrera erosi.

Ez dakit beste zerbait gehitu nahi ote zenukeen, bukatzeko.

Akaso errepikatu egingo naiz, baina bai balioa eman behar zaiola Zama Doinuz Arindu jaialdiari begira artistek gurekiko izan duten jarrerari. Zazpi urte hauetako zerrendak erakusten du euskal musikagintzan badagoela konpromisorako tarte bat. Eta, bestetik, auzolanaren balioa nabarmendu. Auzolanak egiten gaitu herri, eta halako ekimenetan ikusten da argi. Eta, nola ez, bere aitortza egin behar zaio sarrera erosten duen entzule bakoitzari, herri aktibazio gabe halako ekimenek ez luketelako zentzurik izango.