GARA
EUROCUP WOMEN

Gernika, Polonian kanporaketa irabaztera

Lointek Gernika Bizkaiak erronka handia du gaur (18.00, ETB4) Enea Gorzow talde poloniarraren aurka. Joaneko neurketan Anna Montañanaren jokalariek garaipen garrantzitsua lortu zuten, baina puntu bakar batengatik izan zen (79-78). Beraz, berriro sekulako lana egin beharko dute, eta esan daiteke garaipenak bakarrik balio diela.

Jokalariek Poloniaraino egin behar izan dute bidaia luzea, eta horri joaneko neurketa gogorra gehitu behar zaio. Itzulekoan beste horrenbeste espero dute bizkaitarrek; baina, Sandra Ygueravide valentziarrak bere mailari eutsiz gero -29 puntu sartu zituen joanekoan, hiruko marratik bederatzi jaurtiketetatik zazpi sartuz-, bide erdia eginda edukiko dute. Joko antolatzailearen partida bikainaz gain, Malosten Gernikako jokalariek trebetasuna erakutsi zuten distantzia luzetik, 28 jaurtiketetatik 14 sartuz. Hori bai, errebotea hobetu beharko dute poloniarren garaieraren aurrean.

Enea Gorzowek zortzi jokalari erabili zituen joanekoan, baina bosteko finko bat duela esan daiteke. Gernikak faktore hau erabil lezake aurkariak nekatzeko.

Poloniarren izarra Allana Smith australiarra da. Gernikan 23 puntu eskuratu zituen, hiruko marratik lautik hiru sartuz. Errebotean, aldiz, Chantel-Anais Horvat eta Tilbe Senyurek bezalako jokalariak ditu. Azken honek 13 errebote hartu zituen joanekoan. Lindsay Allen joko antolatzailea, Zoe Wadouz eta Karolina Matkowska gertutik jarraitu beharko dituzte.