GARA Euskal Herriko egunkaria

Sidenorren Legutioko fabrikan langile guztiek egin zuten greba


Sidenorrek Legution, Araban, duen lantegiko langile guztiek bat egin zuten, atzo, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deitutako grebarekin. Goiaingo industrialdean daukate lantegia eta 52 behargin dabiltza bertan lanean. Sindikatuen arabera, ekoizpena «erabat geldiaraztea» lortu zuten. Goizean goiz izan ziren grebalariak piketeetan eta LABek sare sozialen bidez jakinarazi duenez, ez da langilerik sartu goizeko txandan.

ELAk, LABek eta ESK-k bi greba egun deitu dituzte, lehena atzoko eta hurrengoa ostegunerako. Lanuzteokin, hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzea eskatzen dute. Hain zuzen, langile batzordeak eskatzen du malgutasun neurriak negoziaziotik kanpo utz daitezela, beharginen erosteko ahalmena berma dadila eta soldata igoerak KPIren araberakoak izan daitezela.

ELAk ohar batean jakinarazi zuenez, maiatzaren 7an langile batzordeak proposamena aurkeztu zuen. Enpresak ez zuen erantzun eta hilaren 9an izan zuten bileran negoziazioa blokeatu zutela salatu zuen sindikatuak. Izan ere, batzordeari eskatu zioten malgutasun neurriak mahai gainean jartzea eta, ELAren ustez, negoziazioarekin jarraitzearen truke langileen baldintzak okertzeko saiakera da hori.