IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Euskal mitologia eta nordikoa lotuz: «Harrizko errementariak»

«Itzalen dama eta Patxi Bakallu, harrizko errementariak» (Elkar) liburua aurkeztu zuten atzo goizean Donostian. Urtzi Leonet osatzen ari den trilogiako bigarren abentura liburua da, eta euskal mitologia eta Europa iparraldekoa lotzea izan du xede.

Leonet eta G.Holgado, Itzalen dama eta Patxi Bakalluren bigarren liburuarekin.
Leonet eta G.Holgado, Itzalen dama eta Patxi Bakalluren bigarren liburuarekin. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Itzalen dama eta Patxi Bakalluren bigarren abentura liburua ondu du Urtzi Leonetek Iñaki G. Holgadoren ilustrazioekin: “Itzalen dama eta Patxi Bakallu, harrizko errementariak”. Europako iparraldeko herrietako mitologiaren eta euskal mitologiaren arteko lotura egiten duen fantasiazko kontakizuna da, «abenturaz eta desbenturaz beterikoa», Antxiñe Mendizabal editorearen hitzetan.

Elkarreko editoreak Leonetekin lanean hasitakoan zeukaten xedea gogoratu zuen aurkezpenean: kondaira eta fantasia gustuko duten irakurleek erdaretara jo behar ez izatea, euskaraz eskaintza hori topatzea, alegia. Hasiera batean arreta gaztetxoengan jarri zuten, baina genero honek «adinik» ez duela nabarmendu zuen.

Leonetek aitortu zuen fantasiarekiko eta mitologiarekiko zaletasuna betidanik izan duela, baina liburu honen sorburua aitonaren etxean dagoela. «Entziklopedia mitologiko bat zeukan, Europako eta beste zenbait herrialdetako istorioak eta pertsonaiak jasotzen zituena. Batek bereziki hunkitu ninduen. Iparraldeko mitologiaren ingurukoa zen, eta ipuin hori izan da honen abiapuntua», azaldu zuen.

EUSKAL MITOLOGIAREN BIZILEKUA

Mitologia nordikoari «omenalditxo» bat egin nahi izan dio, eta euskal mitologiarekin aurkitu dizkion loturekin osatu du liburua. Izan ere, euskal mitologiako pertsonaiak eta kondaira batzuk beti ageri dira Leoneten lanetan. Hala ere, adierazi zuen bere «bisio partikularra» azaltzen duela kontakizunean, baina mitologia baten edo bestearen inguruan gehiago jakin nahi duen edonorentzat testuan barrena badaudela «giltzak» sakontzeko.

Lehenengo liburuko pertsonaiei pertsonaia berriak batu zaizkie bigarren honetan. Jaun Zuria da protagonistetako bat, eta berak oso ongi lotzen omen ditu euskal unibertsoa eta iparraldekoa.

Abentura berri honetan dagoen basoan euskal mitologiako pertsonaia asko bizi dira: lamina, Mikelats, Mari, Maju Sugar, Gizotsoa… Idazleak aitortu zuen protagonistekin oso identifikatuta sentitu dela idazketa prozesuan: «Haiek sufritutakoan sufritu dut, poztutakoan poztu naiz, hunkitutakoan hunkitu…». Eta gaineratu zuen, irakurleak berak idazten bezainbeste disfrutatzen badu, bere helburuak betetzat joko dituela.

Leonetek eskuz idatzi du liburua, eta G. Holgadok eskuz egin ditu irudiak, papera eta arkatza erabiliz. «Normalean ilustratzaileok bakarrik lan egiten dugu. Ez da lan oso dibertigarria geurea, baina kasu honetan dibertigarria izan da, eta pertsonaia asko daude gainera», aipatu zuen ilustratzaileak.

Idazlea G. Holgadorekin eskertuta dago, berak buruan zuena «hain zehatz islatzeagatik». Irudiei dagokionez, Leonetek esan zuen «bi artelan» daudela: batetik, ilustrazioa, eta, bestetik, atal bakoitzaren hasieran dagoen ikurra.

XELEBRE GUZTIENTZAT

Aldarrikapenetik ere badu Itzalen dama eta Patxi Bakalluren abentura berri honek, idazlearen aburuz: «Biba xelebreak! egiten dute aldarri, denok dugulako tokia mundu honetan».

Bestalde, Leonetek adierazi zuen adineko jendeak «munta berezia» duela liburuan: «Kotte Zaharra da pertsonaia hori, gauzak erakusteko jakintza biltzen duena». Eta kontatu zuen, bere bizitzako aitona-amona guztiei keinu bat ere badela.

Idazleak berak azaldu zuen lehenengo liburuaren erantzuna oso ona izan zela, eta, askotan gaztetxoei bideratuta ulertzen den arren, fantasiazko mundua, jende helduarengana ere iritsi dela: «Bi adin tartekoengandik jaso dut feedbacka nagusiki, 12-14 urteko gaztetxoengandik eta 40-50 urteko fantasia zaleengandik». Gaineratu zuen bere hasierako xedea betetzen ari dela: fantasiazko abenturak irakurri nahi dituztenek euskaraz eskaintza hori izatea.