Garazi CASTAÑO
ALTSASU
Interview
Adur Ramirez de Alda eta jokin unamuno
«Altsasu auzian» zigortuak

«Interesgarria da ‘lawfare’-az hitz egitea, baina berandu dator»

Gertaera haiek ahaztu ez daitezen, «Altsasu memoria gunea» izeneko webgunea sortu dute altsasuarrek. Unamuno eta Ramirez de Aldak zigorra amaitu berri dute eta hori aprobetxatuz atzera begiratua egin dute, «etorkizunerako testigantza» osatu nahian. Estatuaren izaera antidemokratikoa azpimarratu dute bai iraganari bai orainari begira.

(GARA)

Adur Ramirez de Alda eta Jokin Unamuno bildu zituen NAIZ Irratiak Altsasun. Berriki berreskuratu dute askatasuna biek, kalean bai baina hirugarren graduan baitzeuden. Zigorra maiatzaren 7an amaitu zuen Jokinek eta 10ean, Adurrek. “Altsasu memoria gunea” proiektua aurkeztu zuten herritarren eta komunikabideen aurrean joan den ostiralean. Memoria ariketa kolektibo handia egin dute, ia urtebeteko prozesua izan dena. Asmoa, sinplea eta aldi berean konplexua: eskuratutako jakintza eta material guztia ez galtzea eta etorkizunera begira baliagarria izatea.

Zazpi urte eta erdiko prozesua bildu dute memorian. Denbora horretan «aldaketa sakonak» bizi izan dituzte, Unamunok nabarmentzen duenez, eta ildo horretan kokatzen du lan hau; «hurrengo belaunaldiei uzteko asmoarekin sortu da» eta, memoria historikoarekin gertatu ohi denaren aldean, «fresko» dagoenean egin dute.

Atzera begiratu horretan Ramirez de Aldak kasuaren inguruan «artikulatu zen jende masa» dauka gogoan. «Hori gabe ez ginateke gaur egun gauden puntuan egonen. Batasuna egon zen eta izugarrizko indarra dauka horrelako adostasuna lortzeak».

MEMORIA, HAUSNARTZEKO

Hasieran «justizia» eta «desproportzioa» hitzak gailendu ziren eta auziaren inguruko aldarrikapenek nondik jo behar zuten adosteko eztabaidak izan ziren herrian. «Hasieran amorrua ere badago eta agian hitz horiek ez dute mundu guztia asetzen. Baina kontzeptu horien inguruan batu zen jendetzak izan zuen balio eraldatzaile bat eta jende askok Altsasun eta Estatuan begiak ireki zituen», hausnartu du Ramirez de Aldak.

Memoria ariketa horrek lanketa pertsonalean ere lagundu die. Unamuno, adibidez, espetxe sistemaren eta, bereziki, horren barneko osasun sistemaren inguruan mintzatu da. «Gizarteak espetxearen inguruan duen irudia ez dator bat errealitatearekin, eta espetxearen benetako erroa zein den plazaratu nahi nuen. Benetako helburua pertsonak suntsitzea da».

NOLA GERTATU ZEN?

2016ko urrian hasi zen Altsasuko auzia. Eta data nabarmentzea garrantzitsua da, Ramirez de Aldaren ustez. «Testuingurua hartu behar da: Altsasuko Alde Hemendik dinamika, Nafarroako aldaketa politikoa torpedeatzeko saiakerak, ETAren jardun armatuaren amaiera eta biktimen birkokapena agente politiko bezala, agenda markatuz».

Katalunia ere ekuazio horren barnean sartzen du altsasuarrak: «Kasualitatea edo ez, Carmen Lamela, gure kasuko instruktorea, Procés-eko instruktorea izan zen. Sinkronizazio asko izan ziren». Unamunoren hitzetan, Estatuak «ez zuen inongo proiekturik» ez Euskal Herriarentzat, ez Kataluniarentzat, eta «errepresioarekin soilik» erantzuten zien bi erronkei. «Aldaketak gertatzen ari ziren, estoldak urduri jarri ziren eta dinamika errepresiboak mantentzen saiatu ziren».

Horrek guztiak Altsasun «arrasto sakona» utzi duela esan du Unamunok. «Osparen kontra jo nahi izan zuten, gu zortzion kontra jo nahi izan zuten, baina herri guztiaren kontra egin zuten eta eskerrak eman behar dizkiegu epaileei. Herri guztiari eraso zioten eta herri guztia borrokara batzea ekarri zuten». Indar polizialen eta hedabideen papera zalantzan jartzen hasi ziren herritar asko. «Herriarentzat gure auzia oso positiboa izan zen».

«LAWFARE»

Hedabideetan bolo-bolo dabilen «lawfare» hitzak barrea eragiten die bi elkarrizketatuei. «Interesgarria da horrelako gauzez hitz egitea. Kontua da zer berandu datorren hausnarketa hori», esan du Ramirez de Aldak. Sanchezen hausnarketa-egunak hizpide hartuta, gogora ekarri du «PSOEk zein paper aktibo» izan duen «lawfare horretan edo Euskal Herriko gatazkan».

«Prozesu independentista edo eraldatzaileek duten lawfare edo jazarpen judizial hori Estatuaren izaera autoritarioaren ondorio da. Estatuaren arma da eta mahai gainera aterako du behar duen guztietan», gehitu du Adurrek. «Gurea terroristen aurkako justizia zen», kritikatu du Unamunok.

Zazpi urte eta erdi igaro dira eta uda dute aurrean. Lehen aldiz pasaportea eskuan dute eta ortzi-muga zabalik, bidaiatzeko gogoarekin. Hala ere, Estatutik aterako diren lehen aldian, ia 30 urterekin, espetxera joan ziren 22 urteko «gazte borrokalari» haiek izaten jarraitzen dute. Izan ere, Berlinen, topaketa batzuetan, hainbat auzi politiko aurkeztuko dira eta altsasuarrok testigantza emanen dute; hala, memoria gure mugetatik haratago eraikitzen jarraitzeko.