Gaur8

Erantzunkidetasunetik abiatuta, berdintasunerako bidea

Familia ereduak, maskulinitate eta feminitatea edo berdintasuna aztergai, erantzunkidetasuna lantzeko aukera izango dute Beasaingo gurasoek formakuntza esperimentalen bidez.

"Berdintasuna etxean hasten da" proiektuaren aurkezpena Beasainen.
"Berdintasuna etxean hasten da" proiektuaren aurkezpena Beasainen.

“Berdintasuna etxean hasten da” proiektua abiarazi dute Beasainen, haurren gurasoek erantzunkidetasunean formatzeko. Lehen Hezkuntza eskaintzen duten herriko lau ikastetxeek –Alkartasuna Lizeoa, Andramendi Ikastola, La Salle ikastetxea eta Murumendi ikastetxea– parte hartuko dute programa honetan, non ikasleen familiek, «erantzunkidetasuna zer den eta zer nolako garrantzia duen ohartzeaz gain, balio erantzunkideak transmititzeko estrategiak landuko dituzten».

Hala jakinarazi dute gaur Beasaingo udal liburutegian eskainitako prentsaurrekoan Miren Elgarresta Berdintasuneko foru zuzendariak, Amets Arrospide Beasaingo Udaleko Berdintasuneko zinegotziak, eta aipatu lau ikastetxeetako ordezkariek. HerriLab egitasmoaren baitan kokatzen da proiektua, eta 1.700 gurasok izango dute parte hartzeko aukera.

Ekintza esperimentala izango da, eta, zehaztu dutenez, «familiak ez dira diskurtso itxi bat entzutera joango, parte hartzera baizik, elkartrukerako gunea izanik». Ekimena Beasaingo lau ikastetxeetako bakoitzean burutuko da abenduan eta urtarrilean. Jasotzen diren ondorioak, bestalde, programan txertatuko dira eta formazio egitasmo hau lurralde osoan hedatzeko lan egingo duela iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

«Erantzunkidetasuna zer den ikastetik haratago, gure bizitza personal zein kolektiborako ezinbesteko konpetentzia eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidean oinarrizko urratsa dela barneratzea», agertu dute Beasainen.

Ikastetxe bakoitzeko gurasoei bi saio eskainiko zaizkie. Esate baterako, erantzunkidetasunak berdintasunerako estrategia gisa erabiltzearen onurak, maskulinitate eta feminitate eredu tradizionalaren aurrean familiatik eredu berriak transmititzearen beharra, edota familiak genero sozializazioan duen eragina.