Gaur8

Kultura Eskola programak kulturara eta artera hurbilduko ditu 28.000 ikasle

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Eskola programak lurraldeko bigarren hezkuntzako 28.000 ikasle kulturara eta artera hurbilduko ditu, zenbait sortzaileren eskutik.

Artxiboko irudia. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Artxiboko irudia. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Denis Itxaso Gipuzkoako Kulturako foru-diputatuak azaldu duenez, ostiral honetan Kultura Eskola programari buruzko jardunaldia egingo da Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Carlos Santamaría zentroan, Donostian.

Etorkizuna Eraikiz-en kokatzen den ekimenak honek ikastetxeak, kultur eragileak eta lurraldeko Udalak bildu nahi ditu, Kultura Eskola programaren oinarriak ezartzeko. Programaren helburua gazteak kulturara hurbiltzea da.

«Helburua ikastetxeekin lan egitea da, Gipuzkoako Bigarren Hezkuntzako ikasle guztiek diziplina artistiko desberdinak ezagutu, praktikatu eta gozatzeko aukera izan dezaten», adierazi du astelehen honetan foru diputatuak.

Azaldu duenez, «helburua da arte-hizkuntzak ezagutu eta ulertzeko metodoak garatzea eta nerabeei beren eskaerak, beharrak eta emozioak bideratzeko balioko dieten adierazpen-bideak eta -moduak eskaintzea».

Halaber, irakasleei hezkuntza proiektuetara egokitutako baliabide praktikoak eman nahi dizkiete, bai metodologiatik, bai prestakuntzatik, eta baita laguntza profesionaletik ere, hezkuntza irakasgaietako edukiak beste modu batera helarazteko. Horrekin guztiarekin, ikastetxeei zuzendutako eskaintza indartu nahi da, guztiek aukera izan dezaten lurraldean dauden ikuskizun, museo eta erakusketen eskaintza profesionalaz gozatzeko.

Itxasok nabarmendu duenez, «gazteak kulturarekin eta artearekin lotzea ezinbestekoa da balioetan oinarritutako eta talentuaren eta ezagutzaren aldeko gizartea nahi badugu».

Ostiraleko lanaldia bi lan-mahaitan banatuko da. Lehena arte eszenikoei buruzkoa izango da, eta bigarrena ondareari eta ikusizko arteei buruzkoa. Lehenbiziko mahaian Fernando Sáez de Ugarte, Dantza Elkarteko arduraduna, Juales Larrañaga, Amaraberriko ikasle ohia eta Miriam Romalet, Zumaiako Udaleko kultur teknikaria izango dira.