Maddi TXINTXURRETA

Kulturari kabida eman nahi diote Amarako Gobernu Zibilean

Gobernu Zibila Kultur Etxe plataformako kideen iritziz, Donostiako Amara auzoan dagoen Ernest Lluch kultur etxeak ez ditu auzotarren behar kulturalak asetzen. Horregatik, «auzogintza» eginez eta instituzioekin borrokan, Pio XII.a plazan dagoen Espainiako Gobernuko Ordezkariordetza kulturaren etxe bihurtzeko lanean ari dira. Larunbatean, erreportajea GAUR8n.

GZKEk Amaran egindako festa. (GZKE)
GZKEk Amaran egindako festa. (GZKE)

Lau pisu, gela handiak, fatxada dotorea eta 7.000 metro karratu inguru ditu Amarako Pio XII plazako eraikinak. Espainiako Gobernu Zibilarena zen lehen, eta Madrilgo Gobernuko Ordezkariordetza dago egun bertan.

Eraikin honek dantzan jarri du aspalditik auzotarren imajinazioa, horrelako eraikin batek beste erabilera bat izan beharko lukeela iritzita. Batzuek musika kontserbatorio baten egoitza izan daitekeela uste dute, norbaitek zinema areto bat ere irudikatu du bertan, liburutegia besteren batek. Baina, gehienek hori guztia jasoko lukeen kultur etxe bat amesten dute Gobernu Zibilaren eraikina zen horretan.

Auzotarren aspaldiko nahi horri erantzuteko sortu zen 2018an Gobernu Zibila Kultur Etxe (GZKE) plataforma. Auzo elkarteetako jendeak eta oro har Amaran kulturari eskainitako azpiegiturak pobreegiak direla uste duten herritarrek osatu zuten taldea, izenak berak dioen bezala, Pio XII.aren plazan kultur etxe bat bultzatzea helburu duena.

Marian Zarraonandia, Xabier Otaegi eta Xabier Berridi GZKE plataformako kideak orain bi urte sortu zuten mugimenduak eman duena eta aurrerantzean egin nahi dutenaren berri eman diote GAUR8ri.

Larunbat honetan, paperean, auzotarren borroka honi buruzko erreportaje zabala argitaratuko da GAUR8n.