Gaur8

Aiurri komunikabidearen artxibotik 90eko hamarkadako bi mila argazki inguru digitalizatu dituzte

Beterri-Buruntza-Aiztondoko historia fotografikoaren zati bat Wikimedia Commonsen jarri dute eskuragarri, 1990-97 urteei dagokiona.

Aiurriko artxiboko bi mila argazki igo dituzte Wikimediara. (Tokikom)
Aiurriko artxiboko bi mila argazki igo dituzte Wikimediara. (Tokikom)

Tokikom Wikiproiektua izena duen egitasmoak Beterri-Buruntza-Aiztondoko 1990-97 urte arteko bi mila argazki digitalizatu eta argitaratu ditu, Aiurri aldizkariaren artxibotik hartuta. Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak (EWKE) eta Tokikomek garatu dute elkarlanean, eta eskualdeko historia hurbila «hobeto ezagutzeko eta dokumentatzen laguntzeko» balioko du.

Asteazkenean aurkeztu dute ekimena, Andoaingo Udal Artxiboan. Beran azaldu dutenez, EWKEko «wikilari egoiliar» bat hilabete batez Aiurrin egon da, bertako artxiboa «arakatu, digitalizatu, dokumentatu eta Wikimediara igotzeko». Hala, 90eko hamarkadako bi mila argazki horiek publikoak dira orain, eta Wikimedia Commonsen daude ikusgai eta erabilgarri.

Proiektu honek «behar komun» bati erantzuten diola azaldu dute sortzaileek. Izan ere, Wikimediak hutsune bat antzeman zuen argazkilaritza digitala agertzen hasi zenetik berau erabat orokortu zen bitarteko urteetako irudiei dagoenez. «Garai hartako irudi asko analogikoak dira, baina ez dira artxibo historikoetan digitalizatzeko lana hartzeko bezain zaharrak ere», azaldu du EWKEko Galder Gonzalezek.

Horregatik, EWKE eta Tokikom Aiurriren artxiboa arakatzen hasi ziren, eta komunikabide honek digitalizatuta eta ondo ordenatuta dauka bere argazki artxibo historikoaren zati handi bat, «aktualitateko informazioa lantzeko tresna gisa» erabiltzeko moduan.

«Gaur argitaratzen ditugun argazkiak ondare bilakatuko dira etorkizunean. Oro har, euskaldunak gure iraganeko ondareaz harro egoten gara. Eta etorkizunean ere orain egiten ari garenaz harro egongo gara. Argazkigintzak balio ezberdinak ditu: artistikoa da hein handi batean, eta bereziki informatiboa. Denborarekin iraganeko irudi horiek balio erantsia hartuko dute, historiari oso lotuta geratzen baitira. Duela 30 urteko argazkiez ari gara, ondare bilakatzeko bidean direnak. Andoaingo 97ko uholde historiko haiek, Laborde enpresaren eraikin ikusgarria, Andoaingo eta eskualdeko eguneroko bizimodua eta bizitza politikoa... horiek urtez urte zaindu beharreko ondare bilakatzen ari dira», agertu du Joni Ubeda Aiurriko zuzendariak.

Proiektuaren baitan digitalizatutako argazki guztiak Wikimediaren lotura honetan ikus daitezke.

Aurrera begira

Aiurriko proiektuan jasotako esperientzia zabaltzeko asmoa ere iragarri dute EWKE eta Tokikomeko kideek. Hala, egitasmo bat diseinatzen ari dira, ariketa hau Euskal Herriko beste tokiko komunikabideetan errepikatzeko. «Toki komunikabideetako argazki artxiboak digitalizatu eta publiko zabalaren esku jarrita, Euskal Herriko historia hurbila dokumentatzeko akriboa paregabea lortuko genuke, baina ahalegin handia eskatzen du horrek eta indarrak neurtzen jakin behar dugu», esan dute Tokikometik.

EWKEn ere egitasmoa zabaltzen ahalegindu nahi dute: «Toki komunikabideetako argazki fondoak oso eduki interesgarria dira euskarazko Wikipedia osatzeko. Argazki bilduma horiek digitalizatu eta Wikimediara igoz gero, sekulako tresna izango genuke nahi duen ororen eskura gure iragan hurbila zehatzago dokumentatu eta ikertzeko».