Gaur8

Labayru Fundazioak udako ikastaroa antolatuko du aurten ere

Labayru Fundazioak bere 51. Udako Euskal Ikastaroa antolatuko du aurten ere. Covid-19 gaitzak eragindako osasun egoeraren ondorioz, Labayruk oraindik ez daki eskolak aurrez aurre edo sarean eskainiko dituen, «baina ikastaroa, edozein kasutan, egin egingo da», ostiral honetan jakinarazi duenez.

Labayruren dokumentazio zentroa. (Gotzon ARANBURU)
Labayruren dokumentazio zentroa. (Gotzon ARANBURU)

Ikastaroak ekainaren 15etik 27ra eta ekainaren 29tik uztailaren 11ra izango dira, datak apur bat aldatu daitezkeen arren. Bizkaierazko alfabetatze eskolak, itzulpen ikastaroak, titulu ofizialak prestatzeko klaseak (batuaz zein bizkaieraz) eta euskara hobetzekoak eskainiko dira.

Ikastaroak aurrez aurre egiten badira, Labayru Fundazioaren Boluetako zein Bilboko euskaltegietan izango dira. Izena emateko mezu bat idatzi behar da labayru@labayru.eus helbide elektronikora.

Bestalde, Labayruk jakinarazi du "Itzulpengintza ikastaroa (1. maila)" jarriko duela martxan apirilaren 27an, sarean. Gaztelaniatik euskarara itzultzeko oinarri batzuk eskainiko dituzte ikastaroan, idazketa zuzentasuna lantzeko asmoz. Gaztelaniazko testua xede hizkuntzan zuzen eta egoki idazten jakitea da helburua.

Prozesu horretan, ikastaroak hainbat alor landuko ditu, besteak beste, sareko baliabide informatikoak, idazkera arauak, hitzen elkarketa, letra larriak eta xeheak, joskerako baliabideak edo atzerakarga. Metodologiaren aldetik, teoria, ariketak eta itzulpenak tartekatuko dira.

Ikastaroak 35 orduko iraupena izango du, eta Moodle plataformaren bidez emango da, apirilaren 27tik ekainaren 21era. Ikastaroan izena emateko epea zabalik dago, eta itzul@labayru.eus helbide elektronikora idatzi eta matrikula egiteko argibideak eskatu behar dira.