GAUR8

Euskara praktikatzeko «Euskal Herriko topaketa birtuala» antolatu du AEK-k

Euskara praktikatzeko Euskal Herri mailako topaketa birtuala antolatu du AEK-k datorren maiatzaren 3rako. Jitsi aplikazioa baliatuko dute zibergelak antolatzeko, eta apirilaren 30a da izena emateko azken eguna.

Maiatzaren 3ko topaketa birtuala iragartzeko kartela. (AEK
Maiatzaren 3ko topaketa birtuala iragartzeko kartela. (AEK

Hainbat lekutan martxan dituen mintzapraktika egitasmo ugariren artean, oraingo honek euskara praktikatzea helburu izateaz gain, Euskal Herri mailako deialdia da AEK-k bultzatu duena eta badirudi jada gure mugetatik kanpo oihartzuna izaten ari dela.

«Euskara praktikatzeko Euskal Herriko Topaketa birtuala» deitu dio AEK-k antolatutako ekimen berri honi eta maiatzaren 3an egingo dute, eguerdiko 13.00etatik aurrera.

«Herri askotako berbalagunak, mintzalagunak, mintzakideak, ikasleak… euskaldunak batuko gara», azaldu du euskalduntze koordinakundeak. Izena emateko epea zabaldu du jadanik, eta apirilaren 30a izango du azken eguna.

Zehaztu duenez, Jitsi aplikazioaren bidez antolatuko dituzte zibergelak, eta parte hartuko duenak maiatzaren 2an postaz jasoko du bere gelaren helbidea. «Igandean bertan sakatu eta sartuko zara», argitu du AEK-k.

Parte hartzeko ondorengo helbide elektronikoan eman behar da izena: https://labur.eus/OdgUg.

Urruneko parte hartzaileak

Sareetan ekimenaren berri eman eta jada leku askotako lagunak animatu direla jakinarazi du AEK-k Twitterren bidez. Izan ere, Montevideo, Mosku, Mexiko Hiria, Alacant edo Terrassa bezalako puntu urrunetako lagunak izena ematen hasi direla aipatu dute.

Koronabirusa dela eta euskaltegiak itxita badaude ere, helduen euskalduntze eta alfabetatzerako aukera ezberdinak eskaintzen jarraitzen du AEK-k.