GAUR8

Genetikaz gain, birus-infekzioek ere badute eragina diabetesaren jatorrian eta garapenean

EHUko ikerketa batek genea ez-kodetzaileak intsulina ekoizten duten zeluletan duten eragina aztertu du eta ondorioztatu du «birus-infekzio batekin zenbait prozesu aktiba ditzakeela, zelula suntsitzeraino eraman dezaketenak».

Birusen aztarnak aurkitu dituzte diabetesa garatu duten lagunen pankreako beta zeluletan. (EHU)
Birusen aztarnak aurkitu dituzte diabetesa garatu duten lagunen pankreako beta zeluletan. (EHU)

I motako diabetesa, edo intsulinaren menpekoa, gaztaroan edo haurtzaroan agertzen da eta diabetes-mota guztietatik % 10-15 mota horretakoak dira. Gaixotasuna garatzen duten pertsonek badute genetika jakin bat, baina ikerketa batek mahai gainean jarri berri duenez, «badakigu bestelako faktore batzuk ere parte har dezaketela gaixotasunaren aktibazio horretan».

UPV/EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko irakaslea den Izortze Santin Gomezen hitzetan, «ikerketa askotan aurkitu dituzte birusen aztarnak diabetesa garatu duten pertsonen pankreako beta zeluletan, diabetikoak ez diren pertsonetan aurkitzen ez direnak. Hortik abiatuz, interakzio bat aurkitu dugu birus-infekzioen eta gaixotasuna garatzeko arriskua ematen duten gene ez-kodetzaile baten artean».

Santinek dioenez, «orain arte proteinak kodetzen dituzten gene hautagaiei eman zaie batez ere garrantzia», baina arreta txikiagoa izan dute «proteina kodetzen ez duten eremuetan dauden beste polimorfismo batzuek». EHUko eta Ikerbasqueko zientzilariak nabarmendu duenez, halakoek «eragin handia izan dezakete» gaixotasun batzuen garapenean.


EHUk ohar batean zabaldu duenez, «ikertzaileek ebatzi dute zer funtzio betetzen duen Lnc13 RNA ez-kodetzaileak birus-infekzio bat izan duten pankreako beta zeluletan eta zer mekanismo molekularren bitartez».

Ikertzaileek zenbait ondorio garrantzitsu atera dituzte. «Ikusi dugu infekzio biriko bat pairatzen duten pertsonengan, Lnc 13-aren aldaera (alelo) batek (diabetesa garatzeko arriskua ematen duena) gehiegizko hanturazko prozesua eragin dezakeela, beta zelulak suntsitzera eraman dezakeena».

Balio «prediktiboa» eta medikazioa

«Esan dezakegu balio prediktibo bat ere izan dezaketela Lnc13-aren genotipoa aztertuta aldaera (alelo) jakin bat bilatzeak eta birus-infekzioen aztarnak bilatzeak», azaldu du Santinek.

Diabetesaren tratamenduari begira, goiz bada ere «honek guztiak aukera emango luke ikusteko ea beta zelulen mailako Lnc13-aren adierazpenarekin jolastuz birus-infekzioak eragiten duen efektu patogenoa geldiaraz dezakegun edo ez», gaineratu du ikertzaileak.

Ikerketaren berri “PNAS” aldizkari entzutetsuak eman duela jakinarazi du unibertsitate publikoak.