Joseba Salbador Goikoetxea
Interview
Olatz Mitxelena
Gipuzkoako Sagardogile elkarteko zuzendaria

«Etxerako salmenta bultzatzen jarraitu behar dugu»

Txotx denboraldia bete-betean zegoenean iritsi zen koronabirusari aurre egiteko alarma egoera eta, ondorioz, ia bi hilabete daramatzate sagardotegiek itxita. Botilako salmenta da geratzen zaien aukera bakarra, eta horretan ahalegintzen ari badira ere, aurtengo galerak izugarriak izango direla aurreikusten dute, batik bat kontuan hartuta ostalariek erosten zutela euren produkzioaren erdia baino gehiago.

Olatz Mitxelena
Olatz Mitxelena

Larrialdi egoerak bete-betean harrapatu du txotx denboraldia. Kolpe latza, ezta?

Bai, ostalaritza jarduera ixteko aginduak txotx garaiaren erdi-erdian harrapatu baikintuen. Sagardoa egiten eta saltzen jarraitzeko baimena izan arren, arazoa da salmenten %50 inguru Horeca kanalera dioala, hau da, ostalaritzara. Eta, noski, kanal hori guztiz itxita egonda, zailtasun handiak ditugu sagardoa saldu ahal izateko. Oso kopuru txikitan saltzen ari gara.

Kuantifikatu duzue zer-nolako kostu ekonomikoa izango duen geldialdiak?

Oraindik ezin dezakegu kopuru zehatz bat eman, baina fakturazioaren ehuneko oso altu bat galdu dela esan dezakegu argi eta garbi.

Itxialdiak irauten duen bitartean, alternatibaren bat jarri duzue martxan sagardo salmentarekin jarraitzeko?

Bai, online denda martxan daukagu. Sagardoa.eus orrialdean sagardoa etxera eramateko zerbitzua daukagu, lehen ere bagenuena, baina, egoera ikusita, sare sozialetan kanpaina ezberdinak egiten ari gara jendea jakinaren gainean egon dadin. Izan ere, hau guztia hasi zenean, dei dezente izan genituen sagardoa ea nola lor zezaketen galdetuz. Eta egia esan, pozgarria da guretzat ikustea jendeak ilusioa mantentzen duela. Une honetan, salmenta asko handitu da, eta lehenengo astean hiru edo lau salmenta egiten bagenituen, orain egunean egiten dugu kopuru hori. Bestalde, lehen Euskal Herritik kanpo saltzen zen nagusiki, eta orain hemen asko igo da salmenta. Webgunean 40 bat sagardo mota desberdin ditugu, eta, gainera, bezeroak aukeratu egin dezake kaxa bakoitzean ze sagardo aukeraketa nahi duen. Eskaera egin ondoren, 24 edo 48 ordutan etxera eramaten dugu, distantziaren arabera.

Larrialdi egoera amaitzen denean, galdutakoa errekuperatzeko modurik ikusten duzue? Estrategia bereziren bat martxan jartzeko asmorik baduzue botilako salmenta indartzeko? Txotx denboraldia luzatu daiteke?

Orain ari gara bilera sektorialak egiten erabakiak hartzeko, baina oraindik ez dugu erabaki zehatzik hartu, gauza asko nola geratuko diren ez dakigulako oraindik. Hori bai, argi dagoena da bi lerro horiek bultzatzen jarraitu behar dugula, alegia, botilako sagardoaren kontsumoa eta etxerako salmenta. Eta txotx denboraldia luzatzeko aukerari buruz, kasu horretan erabakigarria izango da data, ze horren arabera ikusiko dute sagardotegiek irekitzeko aukera izango duten ala ez. Edonola ere, nabarmendu beharra dago erabaki guztiak sektoreko ordezkari guztien artean ari garela hartzen.