GAUR8

Ihesari aurre egiteko arreta zerbitzuak indartu ditu Sidalavak, egoerara egokituta

Sidalavak, ihesari aurre egiteko Arabako herri batzordeak, osasun larrialdi egoerara egokitu ditu arreta zerbitzuak azken asteotan, telefono eta Internet bidezko harremanetara mugatuta. Deseskalatze fase berri honetan aurrez aurreko arreta zerbitzu batzuk berreskuratu ditu; ohiko ordutegia eta Skype bidezko formakuntza eskaintzen ditu, besteak beste.

Sidalavaren kale heziketa programaren urteurrenaren ospakizuna Gasteizen, artxiboko irudian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Sidalavaren kale heziketa programaren urteurrenaren ospakizuna Gasteizen, artxiboko irudian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Osasun krisialdiari aurre egiteko alarma egoera ezarri zenetik, normalean eskaintzen zituen zerbitzuak egokitu eta zuzeneko arreta telefono eta internet bidezko harremanetara bideratu zuen Sidalavak. Ihesaren eta sifilisaren test azkarren zerbitzua bertan behera utzi behar izan zuen, zerbitzuari lotutako kontsultaren derrigorrezko itxiera dela-eta. Horrez gain, ikastetxeetan eskaintzen duten “Gazteen Artean” programa ere eten egin behar izan da eskola-jarduerak berreskuratu bitartean.
Hala ere, egunero hiru orduko arreta eskaintza mantentzea lortu dute komunikazio estrategia ezberdinak baliatuz, eta zuzeneko arretaren ordez telefono, WhatsApp, Skype, posta elektronikoa eta sare sozialak erabili dituzte.
Aste honetan hasi den deseskalazte fase berriarekin batera zerbitzu orduak indartu ditu Sidalavak. Ohar batean plazaratu duenez, telefono bidezko kontsultak ohiko ordutegian mantenduko dituzte, astelehenetik ostiralera 10.00etatik 14.00etara goizez, eta arratsaldez, 17.00etatik 20.00etara astelehenetik ostegunera.
Kontsultak web orriaren bitartez erantzuten dituzte, «sidalava@sidalava.org» eta «consultas@sidalava.org» helbideetan.
Era berean, prebentziorako materialaren kudeaketak Zapateria kaleko 91. zenbakiko egoitzan jarraituko du, 10.00etatik 13.00etara, zehaztu dutenez.
Ihesaren eta sifilisaren inguruko test azkarra egiteko ohiko ordutegia ere mantenduko dute, astelehenetik ostiralera 13.00etatik 14.00etara, eta arratsaldeko ordutegian asteazkenetan, 18.00etatik 19.00etara, egoitzan bertan. Ohartarazten dutenez, aurretik hitzordua eskatu behar da 945 25 77 66 telefonoan edo WhatsApp bat bidalita 688 894 382 telefonora.
Formakuntza saioak, banaka eta taldeetan
«Gazteen Artean-Sida eta Sexualitatea» ekimenari dagokionez, formakuntza saio berriak eskainiko dituzte Skype bidez, 10.00etatik 14.00etara, «gazteenartean@gmail.com» posta elektronikoarekin kontaktatuta.
Zehaztutakoaren abarera, «Asexora-WhatsApp» Programaren kontsultak mantenduko dira, baita zuzeneko arreta ere astearteetan 17.00etatik 20.00etara, aurretik hitzordua eskatuta.
«Gayen Artean» prebentzio programak ohiko jarduerak mantenduko ditu sare sozialetan eta aurrez aurreko arreta berreskuratuko da. Egoera berean daude «Convihve» ihesa duten lagunen aurrez aurreko arreta zerbitzua eta prostituzioan aritzen diren lagunen arretari begirakoa.