GAUR8

Bitcoinen mundua, Blockchain teknologia eta Kriptoekonomia EHUren master berrian

Bitcoina bezalako moneta birtuala erabiltzen duten transakzioen mundua, Kriptoekonomia –finantza-merkatuak ulertzeko modua irauli duen diziplina– eta Bockchain teknologia ardatz nagusiak dituen master berria jarriko du martxan EHUk. Etxeko ikertzaileek eta kualifikazio handiko kanpoko porfesionalen talde batek, tartean Kutxabankeko zenbait profesionalek, eskainiko dituzte diziplina anitzak biltzen dituen ezagutza.  

Bitcoin kriptomoneta aldatzeko dispositiboa, artxiboko itudi batean. (Josep LAGO/AFP)
Bitcoin kriptomoneta aldatzeko dispositiboa, artxiboko itudi batean. (Josep LAGO/AFP)

EHUk gogoratu duenez, hamar urte bete dira Laszlo Hanyecz bitcoiner ezagunak moneta birtuala erabiliz bi pizza erosi zituenetik. Sistema kriptografiko baten bidez trukatzen den moneta horren inguruko transakzioen teknologia hedatzen joan da azken urteetan eta gaur egun 4.000 kriptoaktibo baino gehiago daudela nabarmendu du Unibertsitate publikoak.

Testuinguru horretan, Blockchain teknologia eta Kriptoekonomia dira EHUk eskainiko duen master berriaren bi ardatz nagusiak eta horien inguruko ezagutzak irakasteko, Unibertsitate publikoko ikertzaileak eta kualifikazio handiko kanpoko profesionalen talde bat egongo dira masterraren buruan, horien artean Kutxabankeko adituak, zehaztu dutenez.

Hanyecz-en transakzio harekin sortu zen kriptoekonomia, «finantza-merkatuak ulertzeko modua irauli duen diziplina, kontu-liburu bat modu deszentralizatuan inplementatzen baitu, banku zentral baten beharrik gabe», azaldu du EHUk. Argitu duenez, «hori blockchain teknologiari esker da posible».

Teknologia horren erabilera zabaltzen saiatzen diren proiektu asko daudela azaldu du Unibertsitateak, «haren bi ezaugarri nagusiak: deszentralizazioa eta aldaezintasuna aprobetxatuz» eta horien artean, besteak beste, truke eta finantza plataforma deszentralizatuak, aktiboen tokenizazioa, token ez-suntsikorrak, ekoizpen-prozesuen trazabilitatea, erregistro sistemak edota blltegiratze deszentralizatua aipatu ditu.

Leioan, urtebeteko iraupenarekin

Masterrak urtebeteko iraupena izango du eta graduondokoak ikasleei blockchain teknologiaren oinarriak helaraztea du helburu, baita ezagutzak gizartearentzat zein industriarentzat duen balioa ere.

60 ETCS kreditu ditu masterrak eta «Matematika, Fisika, Ingeniaritza, Ekonomia edo antzeko graduen oinarri zientifiko sendoa duten tituludunei zuzenduta dago», argitu dutenez. Aurrez aurreko formatoan emango da masterra Leioan egoitza duen Zientzia eta Teknologia Fakultatean, urritik aurrera eta arratsaldeko ordutegian, 15.00etatik 19.00etara.

Masterrarekin elkarlanean, Kutxabankek beka bat sortuko du izena eman duen ikasle baten matrikula gastuak ordaintzeko.