GAUR8

Gazte Klik Klak lehiaketaren beste edizio bat, abian

Gazte Klik Klak argazki eta bideo digitaleko lehiaketaren beste edizio bat abiatu du Gasteizko Udalak. «Hiri-orbainak» gai izango duen edizio honetarako deialdia urriaren 17a arte egongo da zabalik.

Aurtengo lehiaketaren kartela (Gazte Klik Klak)
Aurtengo lehiaketaren kartela (Gazte Klik Klak)

Argazki eta bideo digitalen lehiaketa hau Arabako hiriburuan ikasi, lan edo bizi diren 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendua da. Gai bat proposatu du gazteek hura landu eta haren inguruan hausnar dezaten: “Hiri-orbainak”. Kontzeptu zabala da, eta interpretazio askoren iradokitzaile.

“Hiri-orbainek hiria egituratzen dute, modu fisiko batean eraldatuz. Hiria erdibitzen duen trenbidea, kalean egiten diren obrak. Gure ohiturak aldatzen dituzten hiri-aldaketak dira, hain zuzen ere”, dio Alazne Payuetak, Sara Berasaluce eta Irantzu Lekuerekin batera aurtengo edizioaren antolakuntza taldeko kide denak.

Gasteizko Udalak sustatutako lehiaketa honen antolakuntza taldea, beraz, hiru emakume gazte, artista eta sortzailek osatzen dute. Irantzu Lekuek, Judimendi auzoko ARTgia Sorgune & Aretoko sortzaile eta zuzendariak, badu kultur ekitaldien antolaketan eta kudeaketan esperientzia. Alazne Payueta eta Sara Berasaluce Arabako artista esanguratsuak dira, eta «Arabako kultur ekosisteman sartzeko eta kultur-kudeaketa eta komisariotza lana praktikan jartzeko aukera ezinhobea» dute.

Konfinamendu garaian pentsatu eta diseinatu zen proiektua, eta pixkanaka aurrera ateratzen joan dira. “Konturatu garenerako, lehiaketaren kartelak hilrian itsatsita ikusi ditugu", dio Sara Berasalucek.

Proiektuak aurkezteko aukera, urriaren 17a arte

Lehiaketaren inguruan ehundu duten proiektuak bi fase nagusi ditu aurten ere, eta lehenengoan, Gazte Klik Klak argazki eta bideo digitalen lehiaketan, parte hartu nahi duten gazteek urriaren 17a arte dute proiektuak aurkezteko aukera.

Argazki lanak sortatan aurkeztuko dira, sorta bakoitza gutxienez hiru argazkiz eta gehienez, bostez osatua. Bestetik, proposamen bideografikoek bideoz edo gif bizidunez egindako lan edo ikus-entzunezko zirriborroak izan behar dute, gehienez bost minutu iraungo dutenak.

Antolatzaileek gazteak animatu nahi ditu “gure hiria egituratzen duten orbain horien inguruan lan egitera, faltan botatzen diren lekuak gogoraraziz eta eraikitako hiri-egitura berriak erakutsiz. Arrastoa uzten diguten orbainak". Horretarako, honako galdera hauei erantzutea proposatu dute: Zer da orbain bat? Denboraren joanaren erregistroa? Oroitzapen batena? Zauri batena? Edo eraldaketa batena?

Sarituko dituzten lau lanek erakusketa kolektibo batean parte hartzeko aukera izango dute abenduan. Gainera, 300 euroko bono trukagarri bat jasoko dute argazkigintza, bideografia edo kultura materiala eskuratzeko.

Saritutako gazteek, bestetik, “Tetrapack 2021” erakusketan parte hartzeko aukera izango dute, proiektuaren bigarren fasean, hain zuzen. Fase hori komisariotza eta tutoretza programa bat izango da, eta Photovoice teknika ezagutaraziko diete irabazleei, zenbait artistaren argazkigintzan eta bideoan adituren tutoretzapean.

“Lehiaketa bat baino gehiago da Gazte Klik Klak”, diote antolataileek. “Izan ere, Gasteizko gazteek argazkigintzarekin eta bideoarekin lehen harremana izateko, lurraldeko arte eta kultura esparruan ezagutu, sartu eta bertan beren bidea egiten hasteko aukera da».