GAUR8

Inpernuko Poza XVIII. jardunaldia, ateak itxita egingo dute

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak jakinarazi duenez, osasun egoerak horretaratuta «eta arduraz jokatu nahirik», Inpernuko Poza XVIII. Jardunaldia ateak itxita egingo dute. Aurreikusita zeuden bi hitzorduak ordu berean izango dira eta streaming bidez zabalduko dituzte EHTEren sare sozialetan.

Trikitixaren XVIII. Jardunaldien kartela (EHTE)
Trikitixaren XVIII. Jardunaldien kartela (EHTE)

Hemezortzigarren edizioa beteko du aurten  EHTEk antolatutako Inpernuko Poza Trikitixaren Jardunaldiak. Eta elkarteak jakinarazi duenez, osasun egoerak hala eskatuta, «aldaketa nabarmen batekin heldu zaigu: egun bakar batean zehar egingo dugu». Urriaren 31n izango dira, “Erromeria” gai, hitzaldi bat eta mahai inguru bat Tolosako Kultur Etxean, Udalaren laguntzarekin.

«Erromeriak izan dira trikitixaren sorburu eta ikasteko toki, erromerietatik abiatuz sortu izan zaizkigu hainbeste trikitilari bikain. Erromeriek gainera funtzio sozial ezinbestekoa bete izan dute eta gizartearekin batera eraldatuz joan dira, egokituz, trikitixak ere hertsiki loturik eraldaketa hori bizitu duelarik. Garai bateko txistu eta danbolinez osaturiko erromerietatik, dultzaina eta atabaletik pasa eta soinu txiki eta panderoa nagusitu diren bitartean, dantza izan da bidea urte guzti horietan, sozializatzeko ezinbestekoak izan diren eremuetan», dio Trikitixa Elkarteak.

Baina bi galdera jarri ditu mahai gainean: «Benetan ezagutzen al dugu erromeriek bete zuten funtzioa? Gaur egun funtzio bera al dute? Iraungo al dute erromeriek?». Eta galderoi erantzuna emango dieten gonbidatuak aurkeztu dituzte, urriaren 31ko hitzaldian eta mahai inguruan parte hartuko dutenak.

Larunbat horretan, 12:00 etan, Sabin Bikandik, Patxi Labordak lagundurik, erromerien gaineko beren ikuspegia eskainiko dute. Bikandi «erromerien munduan ezinbestekoa izan den AIKO taldearen arima da», dio elkarteak. «Beraien ibilbide oparoak lagundurik erromeriaren kontzeptua eguneratzeko hausnarketa bikaina eskaini ahal digu talde honek. Erromeriek izan duten eraldaketa euren baitan bizitu dute Euskal Herriko plaza ezberdinetan».

Egun berean, 16:30ean, berriz, mahainguru batean parte hartuko dute Xabier Etxabe, Xabier Itçaina eta, Joseba Altubek, eta Aritz Ibañez moderatzaile jardungo du.

Bi ekitaldiak streaming bidez ikusgai egongo dira EHTEren sare sozialetan:

https://www.instagram.com/trikitixa_elkartea/  - @trikitixa_elkartea
 
https://es-es.facebook.com/trikitixa.eus/ - @trikitixa.eus
 
Sare sozial hauetako konturik ez daukanak ere, Facebooken bidez jarraitzeko aukera izango du, kontua edonorentzat irekia izango da eta.