GAUR8

Euskaraz bizi, ikasi edo euskara sustatzeko baliabideak non? «gozatusareaneuskaraz.eus/gehiago» atarian

Hiztegiak, entziklopediak, euskalgintzan aritzen diren eragileak, kultura, aisialdia, hedabideak… «Gozatu Sarean Euskaraz» ekimenak ingurune digitalerako euskarazko edukiak eta baliabide ezberdinak biltzen ditu. Orain, «euskaraz ikasi, euskaraz bizi eta euskara sustatzeko» baliabideak batu dira ekimenera.

Gozatu Sarea Euskaraz programari erantsi zaizkion eduki berrietako batzuk, irudian. (Gaur8)
Gozatu Sarea Euskaraz programari erantsi zaizkion eduki berrietako batzuk, irudian. (Gaur8)

«Gozatu Sarea Euskaraz» ekimena euskarazko edukiak eta baliabideak biltzen joan da. Kultura eta hedabideen ingurukoei aisialdiarekin lotutakoak erantsi ziren pasa den ekainean, eta orain «beste pausu bat eman nahian» euskaraz ikasteko eta euskara sustatzeko baliabideak batu dira «gozatusareaneuskaraz.eus/gehiago» atarira.

Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren ekimena da hau eta «ingurune digitalerako euskarazko edukiak eta baliabideak biltzea eta herritarren eskura modu errazean jartzea» du helburu. Programa Youtube, Instagram, Twitter edota Facebook sare sozialetan garatzen da eta bertan EAEko Exekutiboak «inoiz sustatutako produktuak» ere biltzen ditu, zehaztutakoaren arabera.

Gasteizko Exekutiboak nabarmendu du Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak «urteak» daramatzala «euskarazko eduki digitalak eta bestelako baliabideak diruz laguntzen edo sustatzen». Gaineratu duenez, «horren ondorioz, diru-laguntza deialdietan edo beste sustapen-lerro batzuetan parte hartu duten guztiei esker, une honetan euskarazko baliabide ugari aurki daitezke sarean».

Lotura erabilgarri ugari

Ekimenak hainbat arlotako informazio eta lotura erabilgarri ugari eskaintzen ditu. Atariaren helbideak izen komun bat du: «gozatusareaneuskaraz». Sarrerako atari horri «kultura» edota «aisialdia» atalak gehituta, hamaika baliabide ezberdin aurkituko du erabiltzaileak. Izan ere, klik batean webgune edo baliabide digital horrek eskaintzen dituen edukien azalpen labur bat agertzen da eta zenbaitetan zuzenean sartzeko beharrezko esteka ere.

Orain ekimenari erantsi zaizkion sarrera digital berriekin bisitariak Blogariak.net, Auñamendi Entziklopedia, Euskalgintzaren Atlasa, Ikaap Deklinabidea, Kontseilua, Lansarean, Puntueus Behatokia, Ortograpp, Mintzanet.net edota Transkribeus bezalako proposamenetarako sarrerak ere aurki ditzake, besteak beste.