GAUR8

EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak 50. urteurrenean zehar egindako ikerketak biltzen dituen liburua argitaratu du

EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak «50 urte Zientzia eta Teknologia zabaltzen» liburua aurkeztu berri du. Fakultatearen 50. urteurrena ospatu zen bitartean –2018-19 ikasturtean– etxeko ikertzaileek argitaratutako lanak biltzen ditu liburuak.

«50 urte Zientzia eta Teknologia zabaltzen» liburuaren aurkezpena. (EHU)
«50 urte Zientzia eta Teknologia zabaltzen» liburuaren aurkezpena. (EHU)

«50 urte Zientzia eta Teknologia zabaltzen» liburuak biltzen dituen 53 artikuluak fakultatearen 50. urteurrena iraun bitartean, 2018-19 ikasturtean, “Catedra de Cultura Cientifica” eta “Zientzia Kaiera” blogetan argitaratutakoak dira. Ikerketa ezberdinen berri ematen duten artikulu horietatik 23 euskaraz daude eta 30 gazteleraz, eta «zientzietako alor guztiak» jorratzen dituztela zehaztu dute.

Oskar Gonzalez Mendiak, Uxune Martinez Mazagak eta Cesar Tome Lopezek koordinatu dute liburua eta dituen 300 orrialdeetan Biozientzia, Fisika, Geologia, Kimika, Matematika eta masa espektrometriari buruzko lanak biltzen ditu. Fernando Plazaola fakultateko dekanoak nabarmendu duenez, liburuaren helburua «egiten den ikerketa erakustea da» eta lan horien garrantzia balioan ipini du, garrantzitsuak eta egunekoak diren gaien gainean egindako ikerlanak baitira.

Plazaolak gaineratu duenez, jorratzen diren gaien artean aldaketa genetikoa, energia iluna eta grabitazio-uhinak, antropozenoa eta klima-aldaketa, ibilgailu elektrikoaren etorkizuna edo masen espektrometriak aurki daitezke, besteak beste.

Perseverance eta txertoak

Fakultatearen ibilbidea nabarmendu du dekanoak gaur liburuaren aurkezpenean, eta nabarmendu du «fakultatea bizirik dagoela, oso bizirik». Gogoratu duenez, iragan uztailaren 30ean NASAk Houstonetik MARS2020 kohetea bidali zuen eta «Marteren azalera esploratuko duen Perseverance ibilgailuak fakultateko ikertzaileek diseinatu eta eraikitako zunda bat» darama.

Aipatu duenez, «beste hainbat gairen artean fakultateko ikertzaileak txertoen diseinuak lantzen ari dira, minbiziaren aurkako diagnostikorako eta terapietarako teknikak garatzen ari dira, ibaien kontserbazioaz eta leheneratzeaz arduratzen, mundu osorako balio duen garai geologiko berri baten definizioa, antropozenoa, bultzatzen edo Unibertso goiztiarraren eredu kosmologikoen garapena ikertzen».