GAUR8

Nekazaritza-erreleboari buruzko jardunaldiak antolatu ditu EHUk astelehen eta astearterako

EAEn «populazio aktiboaren %1k soilik jarduten du nekazaritzan» eta erreleboa hartzen duten pertsonen kopurua «era kezkagarri batean» jaisten doa, azaldu du EHUk. Egoera aztertzeko bi jardunaldi antolatu ditu hurrengo asterako. Online izango dira, hilaren 14an eta 15ean.

Nekazaritza ekologikoan aritzen den hazienda bat, artxiboko irudian. (Jon URBE/FOKU)
Nekazaritza ekologikoan aritzen den hazienda bat, artxiboko irudian. (Jon URBE/FOKU)

EHUk antolatuta, jardunaldi bi ospatuko dira hurrengo astelehen eta asteartean, nekazaritzaren inguruan lan egiten duten eragile ezberdinen parte hartzearekin, «Zeintzuk dira etorkizuneko nekazariak?» galderari erantzuteko.

Hitzordu bikoitzaren zergatiaz antolatzaileek azaldu dute nekazaritzan lan egiten duten lagunen kopurua «era kezkagarri» batean jaisten ari dela, eta zehaztu dute EAEn dagoeneko «populazio aktiboaren %1k» baino ez duela jarduten sektore ekonomiko horretan.

Egoera horren aurrean, jardunaldietan aztergai izango  da nekazaritzan lan egitea zergatik ez den erakargarria, politika publikoek zein eragin izan duten edota zein tresna eraginkor behar diren erreleboa bermatzeko. Horrekin batera, eskualdeetan erreleborako ekimenak martxan jartzeko aukerak ere aztertuko dira eta zenbait esperientziari erreparatuko diote.

Lehenengoa zabalik, bestea erakundeentzat

Bi jardunaldietatik lehenengoa doakoa eta edonorentzat irekia izango dela zehaztu dute EHUtik. Bigarrena, ordea, «Euskal Herrian erreleboa sustatu nahi duten erakunde» publikoei zuzenduta dago, «euren eremu eta errealitatea kontuan izanik erreleboa nola landu dezaketen aztertzeko».

Astelehenean, lehenengo saioa 16.00etan hasiko da eta sarrera moduan erreleboaren testuinguruan eta irakaspenen azterketan zentratuko da, maila globalean eta EAEn. Jarraian, Gaztenek programaren balorazioa egingo da, eta 17.30ean etorkizunerako behar diren tresnak izango dira hizpide. Mahai inguru formatua izango du, esperientzia ezberdinetako ordezkariek hartuko dute parte eta galderak eta hausnarketak planteatzeko aukera izango da.

Astearteko saioa, bestalde, goizean izango da eta bi esperientzia «inspiratzaile» izango ditu sarrera gisa: Kattalin Sainte-Mariek Trebatu, «Ipar Euskal Herriko eta Landes hegoaldeko laborantzako trebagunea» aurkeztuko du, eta Juan Mari Totorika Urkiola eta Lea-Artibaiko Landa Garapen Elkarteetako zuzendariak Haztegiari buruz hitz egingo du.