GAUR8

Donostiako CFMko Jorge Sanchez ikerlariak hormigoia berrasmatzeko proiektua gidatuko du

Berotze globala geldiarazteko hormigoia «berrasmatzea» helburu duen ikerketa proiektu batek Europako Batzordearen hiru milioi euroko finantziazioa jaso du. Ikerketa-proiektuak Miracle du izena eta Donostiako Materialen Fisika Zentroko (CFM) Jorge Sanchez Doladok gidatuko du.

Javier Aizpurua Donostiako Materialen Fisika Zentroko zuzendaria, CFMren egoitzaren aurrean, artxiboko irudian. (Jon URBE/FOKU)
Javier Aizpurua Donostiako Materialen Fisika Zentroko zuzendaria, CFMren egoitzaren aurrean, artxiboko irudian. (Jon URBE/FOKU)

Fet Open (Future Emerging Technologies) programaren barruan, Europako Batzordeak hiru milioi euro baino gehiago bideratu ditu Miracle izeneko ikerketa-proiektura, «emisio erradioaktiboaren bidez hozteko gaitasuna duen hormigoi fotonikoa diseinatzeko».

EHUk jakitera eman duenez, proiektua Materialen Fisikako Zentroko (CFM, gaztelerazko izenarekin) Jorge Sanchez Dolado ikertzaileak gidatzen du, eta «goranzko beroketa globalaren testuinguruan, aurrerapen zientifiko eta teknologiko horrek eragin handia» izan dezakeela nabarmendu du, «energetikoki neutroak diren eraikinak lortzeko edo CO2 aztarna murrizteko».

«Miracle proiektuarekin hormigoia berrasmatu nahi dugu, meta-material gisa funtziona dezan diseinatuz, kanpoko espazioari beroa kentzeko gai izan dadin», adierazi du Jorge Sanchezek.

Unibertsitateko iturriek azaldu dutenez, «lurreko edozein materialek isurtzen duen beroak atmosferan errebotatzen du (berotegi efektua), baina frekuentzia tarte txiki zehatz batean erradiazio termikoak atmosfera zeharkatu eta kanpoko espaziora iritsi daiteke». «Frekuentzia tarte hori, ‘leiho atmosferikoa’ izenekoa, funtsezkoa da ezarri nahi den hozte erradioaktiboaren teknologian», gaineratu dutenez.

Ikerketa eszenatoki horretan, Miracle egitasmoaren helburua «eguzki erradiazio guztia islatzeko eta atmosferako leihoan erradiazio termiko guztia igortzeko gai diren hormigoiak» diseinatzea da, baina horretarako «zementuaren konposizioa aldatu behar da, eguzkiaren islapena maximizatzeko eta emisio termiko erradioaktiboa leiho atmosferikora bideratzeko, altzairuzko mikrozuntzen kokapen geometrikoarekin jolastuz».

Ikerketa burutuko duen taldeak azpimarratu du proiektuan garatu beharreko zientziak eta teknologiak «paradigma berri bat» irekitzen dutela, eta horri esker «hormigoia eta zementua bezalako material xumeak goi mailako teknologiako metamaterial bihurtuko» direla.

CFMk, CSIC-EHU zentro mistoaz gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (UPNA), Tecnaliak, Darmastadeko Unibertsitate Politeknikoak, Lovaniako Unibertsitate Katolikoak (Ku Leuven), Microlight3D Unibertsitateak era Torinoko Unibertsitate Politeknikoak hartzen dute parte.