GAUR8

«Liburu bat, bidaia handi bat», irakurzaletasuna bultzatu eta liburuak oparitzeko kanpaina Gipuzkoan

Gipuzkoako Liburu-denden gremioak «Liburu bat, bidaia handi bat» leloa duen kanpaina jarri du martxan, irakurketa sustatzeko eta liburua opari gisa bultzatzeko. «Bezeroarekiko tratu hurbila eta zuzenaren aldeko apustua» egiten duten 25 liburu-denda batu dira ekimenera, eta opariak daude.

Irudian, Aritz Liburudendako Susan Santamaria eta Vero Amezcua kanpainako kartelarekin.
Irudian, Aritz Liburudendako Susan Santamaria eta Vero Amezcua kanpainako kartelarekin.

Liburu bat irakurtzea bidaiatzearen moduko esperientzia izan daitekeelako, Gipuzkoako liburu-denden elkarteak liburua opari gisa bultzatzeko kanpaina abiarazi du lelo nagusi batekin: “Liburu bat, bidaia handi bat”, eta bigarren mezu batekin: “Ez geratu etxean. Irakurri, bidaiatu”.

Dagoeneko 25 liburu-dendak bat egin dute ekimenarekin Andoainen, Arrasaten, Beasainen, Bergaran, Villabonan, Donostian, Elgoibarren, Errenterian, Hernanin, Irunen, Tolosan eta Zarautzen, eta nabarmendu dutenez, bidaiatzeko gozamena «tratu hurbil eta zuzen» batekin hasiko da, horren aldeko apustua egiten baitute atxikitako establezimenduek.

Irakurzaletasuna eta musukoak

Liburuak oparitzeko gonbidapena oparirekin heltzen da. Datozen asteetan 15 eurotik gorako erosketa bakoitzeko irakurzaletasuna bultzatzeko mezua duen liburu-saltzaileen gremioko maskara korporatibo bat jasoko dute bezeroek, baita musukoa gordetzeko kutxatxoa ere.

Kanpainak «irakurketaren onurak azpimarratu» nahi ditu, «gozamen uneak eskaintzeaz gain, estresa murriztu, garun-funtzioa handitu eta ikasteko aukera ematen baitugu, baita enpatia areagotu eta intelektualki aberastu ere», azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek.

Oraingoz, Gabonetara mugatuko da kanpaina, baina iraupena luzatzeko aukera dagoela argitu dute, «bezeroen harreraren arabera». Zehaztu dutenez, Lakuako Gobernuaren eta Gipuzkoako erakunde nagusien laguntza izan du ekimenak, baita Kutxa Fundazioaren babesa ere.