GAUR8

«Euskal artzain txakurra salbatzea», arraza desagertzea saihesteko egitasmoa aurrera doa

EHU eta Euskal Artzain Txakurraren Adiskideak Elkartea ale kopuru mugatua duen arraza desagertzea saihesteko egitasmoan ari dira elkarlanean. Laginak hartzen zentratu da orain arte proiektua, besteak beste profil genetikoak aztertzeko eta arrazan dagoen endogamia maila ezagutzeko.

Euskal artzain txakur bat, artxiboko irudian. (Iñigo URIZ/FOKU)
Euskal artzain txakur bat, artxiboko irudian. (Iñigo URIZ/FOKU)

Bi urte dira egitasmoa martxan jarri zutenetik, eta «ikerketa bide onetik» doala eta laster arraza desagertzeko arriskua saihesteko gako batzuek eskainiko dituzten emaitzak izango direla adierazi du EHUk ohar batean.

Sinatutako hitzarmen bati esker, EHUko BIOMICs taldea “EATAG” (Euskal Artzain Txakurraren Azterketa Genetikoa) garatzen ari da, arrazaren aniztasuna hobetzeko analisi genetikoak eta beharrezko diren azterlanak eginez.

EHUk ohar batean azaldu duenez, kezka 2001ean sortu zen urte hartan Lakuako Gobernuak argitaratzen duen bertako arrazen katalogoan euskal artzain txakurra desagertzeko arriskuan dauden arrazen artean sailkatu zuenean, FAOren katalogazio irizpidean oinarrituta, «ugaltzeko ahalmena zuten mila eme ale baino gutxiago zeudelako».

Zehaztu du, bestalde, bi barietate daudenez: iletsua eta Gorbeiakoa, «barietate bakoitzean mila eme ale izatera iritsi beharko» litzatekeela.

Edurne Arluzea Euskal Artzain Txakurraren Adiskideak Elkarteko presidenteordeak azaldu du «azken 10 urteetan erregistratzen diren arraza puruen datuak oso urruti» daudela eme ale kopuru horretatik.

Endogamiaren arazoa

EATAG proiektuaren barruan azterketa genetikoak egiten ari dira arrazan dagoen endogamia maila ezagutzeko, arrazari eusteko eta arraza hobetzeko balioko duten ikertaldearen gomendioak emateko. Horrekin batera, informazioa EHUren txakurren DNA bankuan sartuko da eta azterlanean parte hartu duten aleen profil genetikoari buruzko dokumentazioa sortu eta jabeei emango zaie.

Artzain, hazle eta jabeei proiektua azaldu eta beharrezko laginak lortzen zentratu da lana bi urte hauetan. Urtea bukatzerako 150 laginetik gora izatea espero da.

Azaldutakoaren arabera, endogamiak eragindako arazoa ezagutzea eta saihestea ikerketaren funtsezko alderdietako bat da, «arraza bat desagertzeko arriskuan, faktore erabakigarria» baita.

«Endogamiaren kalkulu estatistikoa egiteko, 130 eta 150 txakur bitarteko lagin bat izatera iritsi behar da. Ondoren, programa informatiko baten bidez, animalien arteko ahaidetasuna baieztatzeko edo baztertzeko azterketa egiten da», zehaztu dutenez.

Argitu dute orain arte aztertutako txakurrek gaixotasun bereizgarririk ez daukatela, baina azterketa gehiago egingo da. Hurrengo fase batean euskal artzain gisa sailkatzeko bete beharreko karaktere morfologikoak ikuspuntu genetikotik aztertuko dira.