«Influencer-en» mundua arautzen duen kodea, gaurtik aurrera indarrean

Puri-purian dagoen «influencer-en» jarduera arautuko duen kodea sartu da indarrean urte berriarekin. Publizitateari lotutako edukien identifikazioa da arau berriaren gakoetako bat. Kodeari atxikitzen direnek soilik bete beharko dute, eta adituen ustez positiboa izango da profesionalentzat eta enpresentzat, jarduera arautuko duelako.

Gazteen artean erabilera handia duen TikTok aplikazioa. (Valerie MACON/AFP)
Gazteen artean erabilera handia duen TikTok aplikazioa. (Valerie MACON/AFP)

Gaurtik aurrera, publizitatean influencer-en erabileraren gaineko jokabide kode bat sartu da indarrean Estatu espainolean, eta profesionalizazioa errazten duen tresna gisa aurkeztu da.

Kataluniako Oberta Unibertsitateko (UOC) adituen ustez, araudi berriak ordena jartzen du handituz doan jarduera berri horretan. Kode berriak beste arau batzuetan sakabanatuta zeuden arauak biltzen dituela argitu dute, eta publizitateak behar duen identifikazioa zehazteari dagokiona nabarmendu dute.

«Edozein publizitate halakotzat identifikatu behar da, bestela ezkututzat hartzen baita», azaldu du Sergio de Juan-Creix UOC-eko Publizitate Zuzenbideko irakasle eta Croma Legal bulegoko abokatuak. Horrek ez du esan nahi, halere, gaurtik aurrera eduki guztiek erabiltzailearentzat oharpenik eraman behar dutenik. Zehaztu duenez, «ez da beharrezkoa, publizitatea dela agerikoa denean, jada telebistako iragarkiekin gertatzen den moduan» eta influencer batzuek euren edukietan publizitatea zegoenean horretaz ohartarazten zuten.

Adituaren ustez, influencer-en eredua babestuta geratzen da kode berriarekin eta honek jarraibideak ematen dizkie euren jardunean. «Gainera borondatezkoa da, kodera atxikitzen direnak baino ez daude betetzera behartuta», argitu du. Bestalde, kode berrian enpresek influencer-ak kontratatzeko jarraibideak aurkituko dituztela azaldu du.

«Kodeak aukera ematen du iritzia ematen jarraitzeko, baina ordainketa ekonomikoa edo espezietan badago, identifikatu egin behar dute», argitu du adituak.

Profesionaltasuna

Ildo beretik, Neus Soler UOC-eko marketing-eko irakasleak positibotzat jo du kode berria, bere ustez sareetan dagoen jarduera guztiak araututa egon behar bailuke.

Solerrek dioenez, influencer-en esparruak autokontrolarena bezalako kodea behar zuen, jarduera lanbidea bilakatu baita. Ikuspegi horretatik, beraz, kodea ona izango da lanbidearentzat eta erraztuko du «benetako profesionalak eremu horretan langile gisa geratzea eta ez direnak ateratzea», adierazi du Solerrek.

Bere profesionaltasunaren bereizgarri gisa markei interesatzen zaien alderdi bat egon daiteke, eragin handia duten jarraitzaileak benetakoak eta erosi gabeak izatea, alegia. «Markak ere nekatuta daude influencer-ak kontratatzeaz benetako jarraitzaile asko dituztela pentsatuz, 30 euroren truke erosi dituztenean. Hori arautu egin behar da, konpainiak engainatuta sentitzen direlako», azaldu du Solerrek.