GAUR8

EHUn ikasi nahi? Larunbatetik aurrera, orientaziorako EHUazoka formatu telematikoan

Eskaintza akademikoaren, tasen, beken eta zerbitzu ezberdinen gaineko xehetasunak argitzea helburu duen EHUazoka larunbat honetan jarriko dute martxan. Formatu telematikoa izango du eta 400 zuzeneko saio baino gehiago izango ditu otsailaren 17ra arte.

EHUko Leioako campusa, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
EHUko Leioako campusa, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Larunbat honetan hasi eta otsailaren 17ra arte zabalik egongo da EHUazokaren edizio berezi bat, aurtengoa osorik online izango baita. Hitzorduak eskaintza akademikoaren inguruko informazio guztia erraztea du helburu. Iragarri dutenez, «400 zuzeneko saio baino gehiago izango dira eskuragarri etorkizuneko ikasleek gradu eta sarbideari buruzko zalantza guztiak argitzeko».

Datorren ikasturtean EHUn ikasketak egin nahi dituzten ikasleek EHUazokan eman dezakete izena, bertan aukeratu dituzten karreren inguruko informazioa jaso eta sarbidea egiteko beharrezko argibideak aurkituko dituzte.

Azokak bistariaren aurrean jarriko duen formatuaz aurreratu dute unibertsitatean matrikulatzeko prozesuari buruzko ‘pabilioi’ bat dagoela, eta horretan bekei eta tasei buruzko informazio zehatza topatuko dutela. Bigarren ‘pabilioi’ batean, EHUko 19 eskola eta fakultateetako standak aurkituko dituzte, «eta horietako bakoitzean hainbat formatutan (liburuxkak, bideoak, webguneak) eskaintzen dituzten graduei buruzko informazioa» eskuratuko dutela.

Horrez gain, zuzeneko informazio-saioak antolatu dituzte hiru data zehatzetan: larunbat honetan bertan eta otsailaren 6an eta 13an. Egun horietan zuzenean parte hartzeko aukera izango dute bisitarek, saioetan EHUko irakasleek xehetasunak azalduko dituzte eta sarbide-zerbitzuko langileek prozeduren gaineko informazioa emango dute.

Ehun gradu eta duala

Hurrengo ikasturteko eskaintzari dagokionez, EHUko iturriek zehaztu dute 103 gradu aurreikusi dituztela, arlo guztietako ikasketetan. Medikuntza, Artea, Zuzenbidea, Telekomunikazio Teknologiako Ingeniaritza edo Biologia bezalako klasikoen ondoan «oraintsuago ezarriak» diren Adimen Artifiziala, Lehen Hezkuntza hirueleduna edo Energia berriztagarrien Ingeniaritza daude eskaintzaren barruan.

Gaineratu dute hamaika graduk prestakuntza duala eskaintzen dutela eta «ia ikasle guztiek euskal sareko enpresa, erakunde, GKE edo elkarteetan kanpoko praktikak egiteko aukera dutela». Urtero 12.000 praktika eta horietako %40 boluntarioak direla zehaztu dute.